Indarkeria sexista

Azken eraso sexista gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute auzotarrek Uribarrin

uriola.eus 2017ko ira. 19a, 11:35

Kontzentrazioa Arriaga plazan (Arg. Bruno Zubizarreta)

Elkarretaratzea arratsaldeko 19:30etan izango da Kristo kalean, Udaletxearen atzeko arrapala mekanikoetan, eta auzoko hainbat elkarte bertan bilduko dira asteburuan gertatu zen erasoa salatzeko.

Izan ere, igande goizean, emakume bat larriki zauritu zuten Uribarri kalean. Bere bikotekide ohiari leporatzen diote erasoa, eta atxilotua izan zen. Emakumeak ospitalean jarraitzen du egoera larrian, baina bere bizia ez dago arriskuan.

Joan den asteburuan Ametzolako Labayru kalean beste emakume bat erasotu zuten, etxebizitza batean. Gizon bat atxilotua izan zen eraso horren erantzule jota.

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko gaurko mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu dute Uribarriko 20 bat elkarte batzen dituen Uribarri Auzolanean plataformak.

 

"Lehen mailako arazoa"

Uribarriko Gazte Feministek "nazka" adierazi dute azken kasu honen aurrean, eta indarkeria sexistari "lehen mailako arazo" bezala erantzuteko exijitu dute: "Nazkatuta gaude sistema patriarkatuaren ondorioak jasateaz, eta argi daukagu hau ez dela izan kasu isolatu bat; indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du". Neurriok iritsi bitartean, "autodefentsa feministarako deia" egin dute, "gure bizitzak direlako arriskuan daudenak".  

 

Kontzentrazioa Arriagan

Atzo, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, kontzentrazioan batu ziren hainbat lagun Arriaga plazan Indarkeria sexistari aurre egin lelopean. Bilbon bezala baita Euskal Herriko zenbait hiri eta herritan ere. Denek zuten helburutzat Uztaritzen gizon batek eraildako 25 urteko emakumearen kasua salatzea eta gogoratzea.

 

[2017-09-18] Bi gizon espetxeratu dituzte emakumeak erasotzeagatik