Gaztelekuko anbulategian Osakidetzak arreta zerbitzua murriztu nahi duela salatu dute

bertonaldizkaria 2017ko urr. 9a, 10:29

Gaztelekuko anbulategia, Uribarrin

Abuztuan egin bezala, abendutik aurrera Gaztelekuko anbulategian ordutegia laburtu lezake Osakidetzak, Gure Etxea auzo elkarteak jakinarazi duenez. Auzotarrek jasoko duten arretaren kaltetan izango dela salatu du elkarteak. 

Anbulategiko langileek zabalduriko informazioaren arabera, abendutik urtarrilera Gaztelekuko anbulategiak 17:00ak arteko arreta zerbitzua emango du, 21:00ak arte zerbitzua eman beharrean. Abuztuan bezala ordutegi murriztua izango du, hortaz. Iturriek ez dute ziurtatu ordutegi berria martxora arte luzatuko duten. 

Abuztuan Uribarrin "osasun arreta zerbitzua murriztu zen". Osakidetzak emandako arrazoia "oporretan zeuden langileak ordezkatzeko behargin falta" izan da. Gure Etxea elkartearen esanetan, pertsonal falta ez da oporretan soilik gertatzen. "Egunero errepikatzen da. Jubilazioak ez dira ordezkatzen, pazienteen kopurua handituz doan arren, bizilagunen zahartzearekin bat". 

Gogor kritikatu dute Uribarriko auzotarrek anbulategi barrutik irten den berria, Osakidetzak berretsi gabea oraindik. Izan ere, erabilera handiko hilabeteetan murriztuko du anbulategiak arreta zerbitzua. Gripe sasoian, bete-betean. Langileen bajek eta oporrek gripearekin bat egiten duten garaian. Neurriak ondorio zuzena izango du. Gure Etxea auzo elkartearen hitzetan, zerbitzuan "krisia" eragingo du: "Itxaronaldiak luzatuko dira, pazienteak pilatuko dira, eta gaixoei ematen zaien arretaren kalitateak behera egingo du". 

Abuztuko egoera "ezin da errepikatu", esan du Gure Etxeak. "Prebentzioa da botika onena, baita bitarteko eta langileen kudeaketan ere". Horregatik eskatu du Gaztelekuko anbulategia "egun osoa zabalik egotea" eta "langile kopurua handitzea".