Uribarri eta Arangoiti auzoetako lanekin hasiko dira

uriola.eus 2018ko urr. 3a, 09:40

Bilboko Udalak 45.000 metro karratu berreskuratuko ditu urirako Uribarri auzoko bihotza eraldatzeko eta Arangoitiko parkea urbanizatzeko lanekin. Uribarriko La Pinza Auzoko Bihotzaren hasierako lanak 6.500 metro karratu hartuko ditu Zazpi Kaleak-Lezama trenbide zaharrak utzitako espazioan.

Espazio hori Maurice Ravel bide azkarraren azpiko aparkalekuaren eta Montaño etxaldearen artean dago. Bestalde, Arangoitiko eta Deustuko irisgarritasuna eta egonlekuak hobetzeko, Araneko parkearen hegalean berdeguneak, parkeak eta egonlekuak egingo dira 38.000 metro karratuko esparruan.

Uribarri Auzoko Bihotzak urriaren 15ean hasiko du bere eraldatze-prozesua La Pinza eta trenaren geltoki zaharra eraberrituta. Lanak Matiko eta Uribarri auzoetara iritsiko dira eta gerora bat egingo du Deustu auzoarekin Auzoko Bihotzen Sarearen bitartez. 6.500 metro karratu hartuko ditu Maurice Ravel autobidearen azpiko aparkalekuaren (Artatzamina ondoan) eta Montaño etxaldearen artean.

Horren guztiaren ardatza 1,5 kilometro izango dituen pasealeku nagusi eta lau bat izango da, etorkizunean Deustuko Auzoko Bihotzarekin konektatuko duena, eta zeharka, esparru horretan dauden bide eta pasabide guztiekin. Horrez gain, Bilboko Udalak irisgarritasuna hobetuko die Mirador a Bilbao, Damián Gonzalez, Abasolo, Montaño eta Loruri etxalde eta kaleetan dauden etxebizitzei. Horretarako, Loruri eta Uribarri auzoetako irisgarritasuna hobetuko duten zenbait elementu mekaniko jarriko dira: hiru igogailu eta 50 metroko desnibela (sarritan % 16tik gorakoa) gaindituko duten zenbait arrapala.

 

Arangoiti

Bilboko Udalak Arangoitiko maldan atsedenleku bat egiteko obrak egiten hasi da asteon. Proiektuak 38.000 metro karratuko jarduketa-esparrua hartuko du. Arangoitiko malda begiratoki aparta dela kontuan hartu du Udalak eta horregatik horretaz baliatuko da parke publiko bat bertan sortzeko.

Erabilera horretarako oinezkoentzako bidexka batzuk egokituko ditu, batetik, Arangoitiko goiko aldea (Araneko kalearen atzeko aldea) eta beheko aldea (Ramón y Cajal kalearen atzeko aldea) lotzeko. Bestetik, malda erdian, Deustuko Kaputxinoen Aldaparekin bat egingo dute.

Udalak atsedena hartzeko leku berri batez hornitu nahi du auzoa; hain zuzen, maldaz baliatuta.

Horretarako zenbait jarduketa burutuko ditu udalak: alde batetik, maldaren goiko aldeko azpiegiturak hobetuko ditu:

  1. Udalak umeentzako jolasguneko eta atsedenlekuko oraingo terraza, Aranekoko maldaren goiko aldean dagoena, konponduko du. Udalak egonlekuak eta atsedenlekuak berritu eta handituko ditu.
  2. Era berean, alde horretan arrapala berri bat eta metalezko eskailerak instalatuko dira, auzokoek irisgarritasun hobea izan dezaten.