Uribarriko enpresa baten lan baldintzak salatzeko kontzentrazioa egingo dute astelehenean

uriola.eus 2021ko urt. 7a, 12:37

Uribarrin kokatuta dagoen garbiketa enpresa batek langileak esplotatu, estortsionatu eta lapurtu egiten dituela salatu du Bilboko Langile Autodefentsa Sareak. Urtarrilaren 11n egoera salatzeko kontzentrazioa egingo dute Matiko kaleko 2. zenbakian, arratsaldeko 18:00etan. 

Joan den urtarrilaren 4an LASek Uribarrin egindako agerraldian azaldutakoaren arabera, auzoan kokatuta dagoen Limpiezas Arana Fernandez enpresak langileak esplotatu egiten ditu. Are gehiago, "emakume migratuei inposatutako baldintza latzei esker etekinak ateratzen dituen enpresa" dela argitu nahi izan dute, bideoan ikus daitezken langilearen azalpenekin batera. 

Egoera pertsonaletik abiatuta salatzen ditu langileak enpresaren partetik pairatutako lan baldintza txarrak. Besteak beste, langileak kontratu gabe mantentzen dituztela, soldata ilegalak jasotzen dituztela eta langileen osasuna kontuan hartzen ez dutela azaldu du. 

Langile Autodefentsa Sareak bere aldetik, irmoki salatu ditu langilearen lan baldintza "jasangaitzak" eta horrekin batera, etxeko lanen sektoreko enpresak hainbat ezaugarrietaz baliatzen direla azaleratu du, horien artean, sektore feminizatua izatea eta langile migratuen egoera zaurgarria izatea, "hauek erdi-esklabutzako lan harremanetan mantentzeko". 

Egoera salatzen jarraitzeko, kontzentrazioa deitu dute datorren urtarrilaren 11n, arratsaldeko 18:00etan Uribarriko Matiko kaleko 2. zenbakian.