Zorrotzako Muturra berregokitzeari buruzko galdetegia zabalik

uriola.eus 2014ko api. 7a, 13:19

Zorrotzako Muturra garatzeko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren (HAPN) aldaketak direla eta, Bilboko Udalak galdetegi bat prestatu du, interesa duten bilbotarrek aldaketen inguruko iritzia eman dezaten.

Gaian interesa duten guztiek www.bilbao.net/PuntaZorroza udal webgunean izena eman eta gai horri buruzko galdetegi erraza erantzun dezakete, maiatzaren 7ra arte. Bertan, hamar galderako zerrenda bati erantzuteko aukera izango dute.

Galdetegia paperean ere bete ahal izango da, Zorrotzako Udaltegian jasoz eta emanez (Fray Juan 1 ) edota Planeamenduko Sailatalak Hirigintza Sailean dituen bulegoetan (San Agustin Eraikina, Ernesto Erkoreka Plaza 12, 1.B)

Herritarrek hainbat gairi buruzko iritzia plazaratu ahal izango dute, besteak beste, hurrengoei buruz: jarduera ekonomikoetarako edo bizitegietarako lurzatien banaketa; asistentzia alorreko beharrizan nagusiak; ukitutako hiri-eremu desberdinen artean aurreikusitako konexioak edota berdeguneetarako zuzendu beharreko esparruak. Gainera, herritarrek haien iradokizunak bidali ahal izango dituzte eskabide honi esker eta ondoan izango du orain arte tramitatutako dokumentazioa.

Hala, parte hartzeko abian jarritako prozesuan lortutako emaitzak Aurrerapeneko dokumentua prestatzeko ekarpenak izango dira. Behin dokumentua amaituta, jendaurreko informazio-aldian jarriko da, Udalbatzaren hasierako, behin-behineko eta behin-betiko onarpena jaso beharko duen Punta Zorrotzako HAPN aldatzeko proiektuari buruzko dokumentu teknikoa landu aurretik. Pauso horiek guztiak gaindituta, hirigintzako garapen-prozesua amaituko da.

Bilboko hirigintzaren alorrean lurzoru estrategikotzat jota, Zorrotzako Muturra, hurrengo urteetan jarduera ekonomikorako eta enplegua sortzeko aukera izan daiteke, izan ere, industria eta bizitokiak uztartuko dituen etorkizuneko garapena diseinatu da eremu horretarako. Bertan, guztira, 2.100 etxebizitza egingo dituzte.