Hilaren 21ean, Zorrotzako Kiroldegian ospatuko den Bilbo Hiria XIV. Nazioarteko Atletismo Bilera aurkeztu dute gaur goizean Udaletxeko Presntsa Aretoan. Hitzordua Bilbao Atletismo Santutxu taldeak antolatuko du, eta Europe Athlétisme Promotion (EAP) egutegiaren barruan dago, ekainaren 15ean Budapesten eta hilaren 26an Celle Liguren egingo diren mitinekin batera. Egutegi horrek gainera, 19 sari nagusi ditu 11 herrialdetan.
30 nazionalitate baino gehiagotako atletak elkartuko dira pistan, beste urte batez, gure hiriko kirol lehiaketa garrantzitsuenetako batean. Joel Fearon, hektometroan 10.10eko marka duena, Bobsleigh modalitateko partaidea 2014ko Joko Olinpikoetan Sochin (Errusia) eta IAAF Diamond League izenekoko partaidea; Luke Fagan, James Alaka, Steven Colvert irlandarra, Aidan Syers galesa, Ryan Scott, Elijah Winn, Greg Cacket, Gideon Trotter eta Alex Quiñonez izango dira Bilboko Hiria Nazioarteko Atletismo Bileraren hamalaugarren edizio honetan parte hartuko duten kirolarietako batzuk.
Egitarau zabala
Bilboko Hiria Nazioarteko Atletismo Bileraren XIV. edizioak egitarau zabala du, eta 3 ordu baino gehiagoz lasterketak, jauziak eta jaurtiketak ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, egitarauak 100 metroko proba paralinpikoa eta eskoletako umeei zuzendutako 600 metroko sustapen probak ere jasotzen ditu.
Kirol ekitaldia arratsaldeko 16:15ean hasiko da, euskal barra jaurtitzeko probekin, gizonen eta emakumeen kategorietan. Proba horien ondoren emakumeen xabalina eta jauzi hirukoitz lehiaketak etorriko dira, eta jardunaldiari amaiera emateko 200 metroko lasterketak izango ditugu. Jardunaldian disko, hesi eta pertika probak ere egongo dira.
Izen emateak
Zorrotzako Kiroldegiko atletismo pistak, 30 nazionalitatetako atleta profesionalen banderak elkartuko ditu. Kirolariek euren lizentziak indarrean izan beharko dituzte, eta joan den denboraldian edo denboraldi honetan marka hauek egin dituztela erakutsi beharko dute. Gizonezkoen kasuan:
- 100 metro: 10.60
- 200 metro: 21.30
- 800 metro: 1.48.50
- 1500 metro: 3.40.50
- 3000 metro: 13.50/8.10
- 3000 metro hesiak: 8.50
- Jauzi hirukoitza: 15.50
- Diskoa: Gonbidapena
- Euskal Barra: Gonbidapena
Emakumeen kategoriari dagokionez, atletek marka hauek izan beharko dituzte:
- 200 metro: 24.50.00
- 800 metro: 2.06.00
- 3000 metro: 16.50/9.15
- 3000 metro hesiak: 10.25
- Jauzi hirukoitza: 12.60
- Pertika: 3.80
- Xabalina: Gonbidapena
- Diskoa: Gonbidapena
- Euskal Barra: Gonbidapena
Atletek Bilbao Atletismo Santutxu taldearen www.bilbaoatletismosantutxu.com webgunean eman ahal izango dute izena. Izena emateko epea datorren ekainaren 16ko arratsaldeko 20:00ak arte egongo da zabalik. Epe hori igaro ondoren, antolatzaileek ez dute izen emate gehiagorik onartuko.