Zorrotza-Kastrexana errepideko 46A, 46B eta 46C zenbakietako eraikinaren beheko solairuan dauden lokalak 12 pertsona nagusirentzako talde etxebizitza gisa egokitzeko lanak hasi ditu Udal Etxebizitzak erakundeak. Lanak amaitzen direnean, gunea Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Sailari lagako zaio, hark kudeatu dezan, bost urtez.
Obren hasierako akta sinatuta dago jada, eta burutzapenerako aurreikusten den epea bost hilabetekoa da. Lanak 360.924 euroren truke esleitu dira, eta kopuru horri BEZari dagokion %21 gehitu beharko zaio.
Goyo Zurrok zuzentzen duen Bilboko udaleko Etxebizitza Sailetik azpimarratu denez, "eraikitzen ari den bizileku baliabide horrek euren autonomiarekin jarraitzeko aukera emango die Bilboko pertsona nagusiei, ondo egokitutako leku berrian".
Alokairu erregimenean dauden Zorrotzako Babes Ofizialeko 80 etxebizitza dituen eraikina joan den urrian eman zitzaien maizterrei. Higiezinak beheko solairua eta zazpi altuera ditu, eta hiru soto, garajeetarako eta trastetegietarako. Aipatutako gizarte ekipamendua jasoko duen gunea beheko solairua izango da.
Ekipamendu horren diseinuaren baldintzetako bat, esfortzu handirik egin gabe egungo egitura, hiru etxebizitza bilakatu ahal izatea izan da, etxebizitza horiek beste programa batzuetarako erabili ahal izateko.
Guneak 623 metro karratuko espazio eraikia du, 548 metro karratuko azalera erabilgarria, elementu hauek osatua: pertsona bakarrerako 12 logela –logela horietako bi bateratu eta logela bikoitza egin daiteke–, egokitutako bi bainugela, erdi-egokitutako 4 eta ohiko bat, bulegoa, arropak garbitzeko gunea, itxaron gela, egongela, jantokia eta sukaldea.
Sarrera nagusia 46C ataritik egingo da, eta larrialdietako edo bigarren mailako irteera 46B atarian egongo da. Talde etxebizitzaren ardatz egituratzailea, logela gunea arropak garbitzeko gunetik eta bulegotik bereizten dituen banaketa igarobidea izango da. Bertan oinarritzen da logelen eta egoteko guneen barne banaketa.
12 logela horiek, lau logelak eta bainugela bik osatutako hiru bloketan banatzen dira, barne igarobide batek lotuta. Gune komunek bereizten dituzte bloke horiek.