Sader hondakin plantak 2018an Zorrotzako punta uzteko hitzarmena sinatu du Udalak

uriola.eus 2015ko ira. 17a, 09:50

Udalak behin betiko onartu zuen atzo Agaleus Medio Ambiente y Energia SL enpresa-taldearekin sinatutako Hirigintzako Hitzarmena. Talde horretan daude Sader eta Profesa enpresak. Hortaz, konpainiak Zorrotzako Muturrean dauzkan jarduera bietako baten bukaera (hondakinak tratatzeko planta, Sader) aurreratu egingo da.

Horrela, bada, Gobernu Batzordeak maiatzaren 20an onartutako akordioa berretsi du eta konpainiaren eta udalaren epeak, eskubideak eta betebeharrak zehaztu ditu.

Akordioak gehienez urte biko epea ezarri du jarduera lekuz aldatzeko, Zorrotzako Muturreko Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren aldaketaren behin betiko onarpena indarrean sartzen denetik. Hori, 2016ko bigarren seihilekorako aurreikusten da.

Era berean, hitzarmenean zehazten da enpresak leku-aldaketaren kostuengatik jasoko duen kalte-ordaina (2,7 milioi euro), Bilboko Udalak eskatutako adituen txosten batek hala ezartzen baitu. Diru hori Zorrotzako Muturreko Jabeen Elkarteak ordaindu beharko du, Birpartzelazio Proiektua egiten denean. Proiektu hori 4 urteko epean onartu beharko da behin betiko Zorrotzako Muturreko HAPOren aldaketa indarrean sartzen denetik hasita.

Hortaz, hondakinak tratatzeko planta (6.000 metro karratu baino gehiago) gaur egun dagoen lekutik eramango da 2018ko bigarren seihilekoan, eta Birpartzelazio Proiektua 2020ko bigarren seihilekoan bukatuko da.

Zorrotzako muturra, jarduera ekonomikoaren eta etxebizitzen etorkizun hibridoa

Zorrotzako Muturreko hirigintza garapena bukatzen denean etorkizun hibrido bat zehaztuko da, eta jarduera ekonomikoa eta etxebizitzak uztartuko dira, 2.100 etxebizitza inguru egitea aurreikusten baita.

Zorrotzako Muturra zoru estrategikotzat jotzen da Bilboko hirigintzaren arloan, garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko aukerak dauzkalako. Gunea marrazteko, etxebizitzaren erabilera (% 60-65) eta jarduera ekonomikoak (% 35-40) uztartu dira, operazioaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko. Hor sartuko lirateke Renfeko trenbidea lurperatzea eta desbideratzea, eta gutxi gorabehera 150 milioi euro kostatuko litzateke.

Udalbatzak 2016ko bigarren seihilekoan behin betiko onartuko duela Zorrotzako Muturreko HAPOren aldaketa aurreikusten da. Gero, Bilboko Udalak hurrengo izapideak hasiko lituzke (Hirigintzako Jarduketa-programa, Birpartzelazio Proiektua eta, azkenik, Urbanizazio Proiektua), gunea urbanizatzeko lanak hasi baino lehen.