Hil da abenduan trenak Zorrotzan harrapatutako bigarren emakumea

uriola.eus 2017ko ots. 6a, 18:34

Iazko abenduaren 8ko istripua (Argazkia: @DYABizkaia)

Abenduaren 8an Zorrotzako FEVEko trenbidea zeharkatzen ari zirela trenak bi emakume harrapatu zituen pasagunean. Istripua izan eta biharamunean zendu zen lehenengo biktima, eta gaur eman du jakitera Bilboko Udalak bigarrena hil dela.

87 urteko Zorrotzako auzokidea, Gumersinda González, Basurtoko ospitaletik egoitza batera eraman zuten, eta bertan hil da joan den asteburuan, istripuak eragindako zaurietatik sendatu ezinik. 

Zorrotzako auzoko elkarteek hamarkadak daramatzate pasonibelak kendu eta trenbideak lurperatzeko eskatzen, trafiko arazo eta istripu ugari ekartzen baititu. Trenbidea zeharkatzeko pasonibelak biztanleria handiko guneetan daude kokatuta, eta auzokideek salatzen dutenez oinezko zein ibilgailuentzako arriskutsuak dira.

Bilboko Udalak elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi dizkie biktimaren senideei prentsa-oharrez, eta berriz ere ADIFi eta Gobernu espainiarrari Zorrotza auzoko trenbide-zatia lurpera dezaten eskatuko diela adierazi du.  

 

[2016-12-12] "Behingoz" trenbidea lurperatzeko manifestazioa egingo dute auzotarrek Zorrotzan