"Beste behin ere, trenbide eta geltokiaren lurperatzea" aldarrikatuko dute Zorrotzan

uriola.eus 2017ko ots. 9a, 07:00

Argazkia: zorrotza.org

Auzoko elkarteen koordinadorak arratsaldean ordubeteko "protesta-elkarretaratzea" deitu du Zorrotza-Kastresanako tren pasagunean. 

Abenduaren 8an Zorrotzako FEVEko trenbidea zeharkatzen ari zirela trenak bi emakume harrapatu zituen pasagunean. Istripua izan eta biharamunean zendu zen lehenengo biktima, eta joan den asteburuan bigarrena harrapaketak eragindako zauriak ezin gaindituta. 87 urteko andrea erresidentzian zendu da. Bertara eraman zuten, ospitalean zauri larriekin istripu egunean artatu ostean.

Zorrotzako auzo elkarteak bigarren heriotza hau "deitoratu du", eta elkartasuna adierazi die hildakoaren senide eta lagun hurkoei. 

Era berean, Zorrotzako auzotar guztiei dei egin die gaur, osteguna, hilak 9, "beste behin ere, trenbide eta geltokiaren lurperatzea aldarrikatzeko". Hitzordua, istripua gertatu zen lekuan bertan finkatu dute, Zorrotza-Kastresanako tren pasagunean, 19:30etik 20:30era.

 

ADIF eta Espainiako gobernuari eskaria

"Hitz eta adierazpen hutsalek ez dutela balio" esan die Zorrotzako taldeen koordinakundeak erakundeei eta, batik bat, Bilboko Udaleko arduradunei exijitu die "Zorrotzako auzoari ekintzekin erantzuteko garaia heldu dela". Udalari eskari zehatza egin dio: erakundeen arteko mahai bat zuzen dezala FEVEko, Fomentoko Ministerioko, ADIFeko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilbao Ria 2000eko ordezkariekin, "premiazko, bidezko eta beharrezko aldarrikapenari" erantzun diezaioten.

Bilboko Udalak joan den astelehenean adierazi zuen ADIFi (Espainiako Trenbide Azpiegituren Kudeatzailea) eta Espainiako Gobernuari Zorrotza auzoko trenbide-zatia lurpera dezaten eskatuko diela.

 

[2017-02-06] Hil da abenduan trenak Zorrotzan harrapatutako bigarren emakumea

[2016-12-12] "Behingoz" trenbidea lurperatzeko manifestazioa egingo dute auzotarrek Zorrotzan