Elkartasun eta oroimen ekimena izan nahi du manifestazioak, batetik, eta, bestetik, La Landa bezala ezagutzen den auzotarrentzako "bizi baldintza duinak" aldarrikatzeko ekimena. Izan ere, Zorrotzako Taldeen Koordinakundearen arabera, bizi baldintza duinek "elkarbizitza ona erraztuko dute".
Xingola beltza duen pankarta batekin egitekoak dira manifestazioa Zorrotzan zehar bihar, asteazkena. 19:30ean abiatuko dira Azoka plazatik, Barinaga kaleko 7. zenbakiaren parean amaitzeko, joan den larunbatean bikote bat eta haien seme-alabak hil ziren eraikinaren parean.
Zorrotzako auzotarrak ez ezik antolatzaileek Bilboko gainerako auzoetako elkarteei ere dei egin diete manifestazioan parte hartzera.
Alkateak "hipokritatzat" jo ditu Udalari egindako kritikak
Juan Mari Aburtok "hipokritatzat" jo ditu Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak eta oposizioko hainbat elkartek Bilboko Udalari egindako kritikak. Larunbatean La Landan gertatutako sutea eta eragin zituen lau heriotzak "aurreikusitako tragedia" zirela adierazi zuten ahots kritikoek. Alkateak atzo argitu nahi izan zuen Udala ez dela geldi egon Barinaga kaleko 7. zenbakiko eraikinari dagokionean: "Desjabetzeak ez dira une batetik bestera burutzen. Prozedura batzuk jarraitu beharra dago, eta bide horretan ari gara lanean, eta lanean jarrituko dugu".
Datozen egunotan Gizarte Ekintza, Herritarren Segurtasuna eta Hiri-Plangintzako Zinegotziek agerraldia eskainiko dute Zorrotzako ezbeharraren harira. "Atzetik datorren arazoari", berehalako neurriekin erantzungo dio Udalak, batetik, eta bestetik, epe ertain eta luzerako neurriekin. Alkatearen esanetan, "ziurrenik urtea bukatu aurretik irtenbidea emango diogu egungo arazoari".
zorrotzaelkartea.wordpress.com
[2017-05-29] Su hartu zuen Zorrotzako eraikinaren etorkizuna erabakitzeke