Agerraldian azaldu dute "tragedia bereziki mingarria" dela hildako umeek ikasten zuten ikastetxean. Horregatik publikoki adierazi nahi izan diete Zorrotzako talde eta elkarteek euren "elkartasun osoa" kaltea paraitu duten familiei. Gaur goizean komunikabideen aurrean egin dute, eta arratsaldean kalean egingo dute. Horretarako, espresuki, deitu dute Azoka plazatik abiatuta su hartu zuen Barinaga kaleko 7. zenbakiko eraikinaren parean amaituko den manifestazioa 19:30ean. Zentzu horretan, Zorrotzako auzokideei dei egin diete manifestazioarekin bat egitera eta "kaltetuen ondoan egotera".
Era beran, salatu dute "gertatu den katastrofea ez dela izan ustekabea". Izan ere, Zorrotzako Taldeen Koordinakundeko kideen esanetan, "hamakadak dira" Landa auzunea "bazterkeria gordinean" bizi dela, eta tarte horretan Bilboko Udalak "beste aldera begiratu du", nahiz eta auzoko mugimenduak "hainbat aldiz salatu dituen eremu horren arazoak, alegia, hirigintzan, gizartean eta elkarbizitzan nabarmena den degradazio larria".
Ildo horretan, koordinakundeko lagunek argitu dute "ikertuta eta egiaztatuta dagoela" su hartu zuen Barinaga kaleko eraikinaren egoera kaskarrak, eraikinaren aintzinatasunak eta bizilagunen bazterkeria egoerak "harreman zuzena" duela balizko sute-arriskuarekin eta bere ondorioen tamainarekin. Gaineratu dutenez, "bi abiadurako Bilbo honek eragiten dituen desberdintasunaren emaitzak are nabarmenagoak dira hau bezalako gertaera tristeetan".
Bihartik aurrera Zorrotzako eragileak "lanerako prest" agertu dira "gure auzoan ez dadin gertatu beste behin ere hau bezalako ezbeharra".
zorrotzaelkartea.wordpress.com
[2017-05-29] Su hartu zuen Zorrotzako eraikinaren etorkizuna erabakitzeke