Zorrotzako frontoiak estalki bikoitza estreinatu du gaur

uriola.eus 2017ko eka. 14a, 17:11

Estalki bi jarri dira pilota partiduak aparte, auzoko kultur eta merkataritza-arloko ekitaldietan ere jendea euritik babesteko. Kioskoa ere zaharberritu da eta haren irisgarritasuna hobetu. Lanok milioi bat euro kostatu dute.

Zorrotzako Azoka plazako frontoia eraberritzeko eta estalki bat jartzeko obrak bukatu dituzte. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok udal ordezkariekin batera inauguratu du obra gaur. Frontoiko estalitako eremuan, pilota partiduez gain, auzoko elkarteek kultur eta merkataritza arloko ekitaldiak ere egin ahal izango dituzte. Frontoiaren estalki nagusia ez ezik, alboan atxikitako horma eta kioskoa eraberritzeko obrak ere egin dituzte. Estalki nagusia frontoiaren behealdea babesteko da, eta markesina osagarriak, pilota ez diren beste jarduera batzuk egiten direnean bildutako jendea babestuko du. Umeentzako jolasgunea ere estali da, Abaro estrata eta Zorrozgoitibidea neurri batean oinezkoen alde bihurtu dira eta auzoaren goiko aldearekin lotzeko elementu mekanikoak jarri dira. Guztira estalitako azalera 1575 m2-koa da. Lanak urrian hasi zituzten eta milioi bat euro kostatu dute.

Emaitza elementu urbano berri bat izan da, frontoiaren eta estalkiaren baturaren ondorioa. Estalkiak lau alderdi ditu: estalitako alde behinena; aurreko beirazko markesina babesgarria, diseinu arinekoa; atzeko estalkia, zink eta zurez egina; eta exedraren estalkia, orain arte izan duen izaerari eutsi diona. Jolas eta kultur erabileretarako 286 metro karratuko azalera duten lokalak ere egokitu dira. Estalkiak eta frontoiaren bilgarriak frontoiaren jarduerarekin erlazionatutako objektu ezagunak ditu. Fatxadaren akaberarako zerrenda metalikoak proposatu dira. Horiek ehundu egiten dira eta azkenean oihal baten itxura sortzen da. Halaber, espazio guztiek dute euren argiaren tratamendu berezia. Frontoiaren aurrean merkataritza arloko jarduerak egiten direnean bildutako jendea babesteko markesina osoa beirazkoa da. Frontoiaren estalki nagusiak gardentasun bahetua du aurreko salan eta kontrakantxan, eta irekiera garden handia kantxa gainean.

Geltokiaren lurperaketa 

Inaugurazioan dozena bat auzokide bertaratu da Zorrotzako tren geltokiaren lurperaketa aldarrikatzeko. Geltokia Lurperatu Orain lelodun kartel horiekin egin dute protesta frontoiko eskaileretan. Auzokideen aspaldiko eskakizuna da eta bertan Bilboko alkatea Juan Mari Aburto zegoela aprobetxatu dute ekitaldian ere auzoko beharrak ezagutzera emateko.