Zorrotzako trenbide-pasaguneak kentzeko alternatibak mahaigaineratuko dituzte

uriola.eus 2017ko uzt. 4a, 08:25

Bilboko alkatea eta Sustapen ministroa hiriko etorkizuneko trenbide-azpiegiturak bultzatzeko batzartu dira. Zorrotza auzoa zeharkatzen duen FEVEren trenbidea lurperatzea eta Abiadura Handiko Trenaren lur azpiko iritsiera Abandoraino izan dute hizpide.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Iñigo de la Serna Sustapen ministroak lan-bilera egin zuten atzo arratsaldean udaletxean, hiriko etorkizuneko trenbide-azpiegituren garapena bultzatzeko asmoz. Zorrotza auzoa zeharkatzen duen FEVEren trenbidea izan da bilerako lehentasunezko aztergaietako bat. Auzoan dauden bi trenbide-pasaguneak kentzeko dauden alternatibak mahaigaineratuko dituzte.

Aurrerantzean, estudio horiek “bi aldeetatik aztertu behar dira, ADIF eta Bilboko Udalaren arteko konpromisoa gauzatu eta sinatu ahal izateko”, alkatearen esanetan. Zorrotzako trenbide-pasagunea dela-eta, De la Sernak esan duenez, "Sustapen Saila kontziente da bete gabeko konpromisoa dela" eta Zorrotzaren egoera zen den "oso ondo" ezagutzen duela.

Alkateak eta ministroak adierazi dutenez, bi erakundeak lankidetzan dihardute dagoeneko, Zorrotzako “trenbide-pasaguneak kentzea ahalbidetuko duen proiektua, hitzarmena eta lana aurrera ateratzeko”.

AHT

Aburtoren eta De la Sernaren arteko topaketan, Bilboko etorkizuneko beste trenbide-proiektu batzuk ere jorratu dira, hala nola, Abiadura Handiko Trenaren lur azpiko iritsiera Abandoraino. Bi agintariek erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu dute. “Gaur egun handia da Bilborentzat. Espero dut guztiok zailtasunak ulertzeko eta konpromisoak aintzat hartzeko gauza izatea”, esan du amaitzeko alkateak. Hala ere, Bilborako AHTren proiektua "hain handia izanik, ezin da guztiz bermatu lanen %100 amaituta egotea 2023.urterako" gaineratu du De la Sernak.

Elkarretaratzea

Zorrotzako Auzo Elkarteak elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxeko eskaileretan Feve lurperatzea orain lelopean FEVEko trenbidea eta geltokia lurperatzea aldarrikatzeko. 30 lagun baino gehiago bildu ziren Geltokia Lurperatu Orain goiburua zuten kartelekin.