Bilboko Udalak Zorrotzan su hartutako eraikinaren eraiste kostuak eskatuko dizkie jabeei

uriola.eus 2017ko uzt. 4a, 10:11

Eraiste eta obra-hondakinen garbiketen kostuak erreklamatuko dizkie Udalak ugazabei. Istripua jazo zenean etxebizitzan erroldatuta zeuden 14 lagunetatik 11 etxebizitzen jabeak dira eta eraikinaren seirena ordaintzea egokituko litzaieke.

Asier Abaunza Hiri Plangintza Saileko zinegotziak atzo sinatu zuen Zorrotzako Landa guneko jabeei eraiste eta obra-hondakinen garbiketen kostuak eskatzeko agindua. Ordainketa egiteko bi aukera plazaratuko zaizkie jabeei. Lehenengoa, jabeek eraikinaren orubearen desjabetzeagatik irabaziko luketen diru sarreraren deskontuaren bidez Udalari ordaintzea litzateke. Bigarrena, Ekonomia eta Ogasun Sailaren akordio baten bitartez jabe bakoitzari dagokion eraikinaren eraiste gastuaren zatia kobratzeko aukera luzatu die. 
 
Istripua jazo zenean etxebizitzan erroldatuta zeuden 14 lagunetatik 11 etxebizitzen jabeak dira eta eraikinaren seirena ordaintzea egokituko litzaieke.
 
Abaunzak informatu duenez, Barinaga kaleko 7. zenbakiko eraikinaz aparte, ondoan dagoen Arsenalerako bidea kaleko 1.zenbakian den blokearen desjabetze lanekin jarraituko dute. Halaber, eraikinaren atzean dagoen orube industrialaren jabeei eskatu die obra-hondakinen garbiketa ez atzeratzea, bizilagunentzako "garbi eta erabilgarri" gera dadin.