Bilbon atxilotu zuten 19 urteko gizona ertzaintzako agenteek atzo arratsaldean. Komisaldegira eraman zuten eta Poliziaren izapideak amaituta, epailearen esku utziko dute.
Txalo artean hartu zuten atxiloketaren berria erasoa salatzeko batu ziren herritarrek Zorrotza auzoan atzo arratsaldean. Ontziola eta Fray Juan kaleen artean elkartu ziren Eraso sexistarik ez! zioen pankarta handiaren atzean. Hainbat auzotar izan ziren babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan ziotenak erasotua izan zen emakumeari. Baita Bilboko Udaleko zenbait zinegotzik ere.
Udaleko talde guztien gaitzespena
Adierazpen instituzionalean, Bilboko Udaleko talde politiko guztiek bat egin dute "samina eta erabateko gaitzespena agertuz" Zorrotzan izandako eraso matxistagatik. Udalak erasotuaren esku jarriko ditu Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak "arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz".
Genero indarkeria
Tratu txarrak pairatu badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskal Autonomia Elkartean) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
[2017-07-10] Zorrotzan izandako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute