Zorrotzako trenbidea eta geltokia lurperatzeko hitzarmena baieztatu dute

uriola.eus 2018ko mar. 9a, 11:31
Argazkia: Ecuador Etxea

Bilboko Udalak eta Sustapen Ministerioak "laster" sinatuko dute Zorrotzan FEVEko trenbidea eta geltokia lurperatzeko hitzarmena. Hitzarmenaren berria Ricardo Barkala zinegotziak aurreratu dio Zorrotzako Auzo Elkarteari. Hitzarmena sinatzean "Zorrotzak duen aldarrikapen historikoa gauzatzeko unea gertuago egongo da", baina elkartearen arabera, erakundeekin izandako eskarmentuak "zuhurrak izatera garamatza".

Obra eta Zerbitzuetako Ricardo Barkala zinegotzia ADIFeko zuzendari Juan Bravorekin batzartu da. Zorrotzan trenbidea lurperatzeko lanak eta etorkizuneko geltoki bat eraikitzeko finantzazioa adostu dute bi aldeek batzarrean. Gauzak horrela, finantziazioaren erdia Bilboko Udalak hartuko du bere gain eta beste erdia Sustapen Ministerioak. Lorturiko adostasuna martxoan zehar egingo dute publiko Juan Maria Aburto Bilboko alkateak eta Iñigo de la Serna Sustapen ministroak sinatuko duten hitzarmenaren bidez.  

Lehenengo kalkuluen arabera, obra osoaren kostu ekonomikoa 70 milioi eurokoa izango da; 50 milioi trenbidea lurperatzeko eta 20 milioi geltoki berria eraikitzeko. Behin hitzarmena sinatuta, ADIFek dagokion informazio-azterketa abiatuko du, urtebete iraungo duena, balizko arrazoibideak eta ingurumen-eraginari soluzioa emateko, besteak beste.

Zorrotzako Auzo Elkartearen iritziz, hitzarmena sinatzean "auzotarren aldarrikapen historiko hau gauzatzeko unea gertuago egongo da". Baina elkarteko kideak ez dira gehiegi fio. Erakundeekin aurretik izandako eskarmentuak "zuhurrak izatera garamatza", diote. Beraz, hitzarmenaren edukia ezagutu arte zain egongo dira. Ezagutu ondoren baloratu eta informazio auzotarrekin partekatuko dutela iragarri dute. 

Urtebete igaro da auzo elkarteko kide batek Zorrotzako trenbidea eta geltokia lurperatzeko mozioa Bilboko Udaleko Udalbatzarreko bilkuran aurkeztu zuela. Aldarrikapena gogoratzeko, joan den astean udaletxeko eskaileretan elkarretaratzea egin zuten hainbat auzotarrek. Dirudienez, martxoan bertan sina daiteke akordioa.