Olabeagako skate-pista berria

uriola.eus 2019ko mai. 9a, 10:38

Bilboko Udalak gaur irekitzen du Olabeagako skate-pista berria. Goreneko mailako pista bat da, eta 225.000 euro ezarri behar izan ditu Udalak. Udalaren gogoa da baliabideak ipintzea gazteek kirola egin dezaten, eta, orobat, era honetako kirol-instalazioak egon ohi diren kaleak eta parkeak dinamizatzea.

Skate-pista berriak 1.327 metro koadroko eremua hartzen du. Pistak bi zati dauzka: bowl (ontzi lurperatua) eta street (hiri-izaera nabarmenagoa du, lur gainean nabarmentzen diren elementuekikoa). 7 skate-joko dauzka , eta, guztira, 140 metro koadro egiten dute; badauka bowl bat ere, 182 metro koadrokoa. Horrez gain, hesi bat ipini dute skate-pistaren eta beherago dagoen areto-futboleko zelaiaren artean.

Olabeagako skate-pista berri honek osatu egiten du lehendik Txurdinagako Europa Parkean zegoena. Instalazio horrek 840 metro koadro dauzka, eta zaharrago bat ordeztu zuen iaz, leku gehiago izatearren eta instalazioak hobetzearren. Egungo pista sei moduluk osatzen dute, eta hiru lekutan banatuta dago. Pista zabalenak arranpa bat du, bi metro garai. Europa parkeko skate-pista egiteko 150.000 euroko inbertsioa egin zuen Udalak.

Halaber, Sarrikon, udaleko lehen parkour gunea dago, Bizkai osoko handiena. Parke horretan bertan, cross training-eko zirkuitu berri bat prestatu da. Instalazioak 100 metro koadro dauzka, lau modulutan banatuta, era bateko eta besteko 15 jarduera egin daitezkeelarik orotara. Bilboko cross training-eko hirugarren eremua da, Etxebarriko Parkearen eta Zorrotzako Muturreko Parkearen ostean.

Olabeagan bezala, gune horietan bizimodu osasungarria eragin nahi da, aire libreko kirola egiteko modua eskainia eta era horretako instalazioak dauzkaten lekuak dinamizatu.