Zorrotzako Ferial parkean kontzentrazioa egingo dute azken egunetako lan istripuak salatzeko

uriola.eus 2021ko ots. 2a, 09:19

Ernai Bilbok salatu duenez, azken egunetan 3 dira lanean hildakoak. Izan ere, Zorrotako Sader enpresako langile bat hil zen joan den ostiralean bihotzekoak jota. Larunbatean BFAko langile bat hil zen Derion eta atzo kale garbiketako beste langile bat hil zen Gasteizen. Lan baldintza duinak aldarrikatzeko, kontzentrazioa egingo dute bihar arratsaldeko 19:30ean Zorrotzako El Ferial parkean. 

 

"Egoera muturrekoa dela" dio Ernai Bilbok. Izan ere, adierazi dutenez, urteko bosgarren astean 5 dira guztira lanean hildakoak eta Joaquin Beltranek 2020ko otsailaren 6tik Zaldibarreko Zabortegian desagertuta jarraitzen duela ere gogorarazi dute. "Prekarietateak hiltzen duela" salatuko dute biharko elkarretaratzean. 

Lan istripuak traumatikoak zein ez traumatikoak izan daitezke

LAB sindikatuaren arabera Sader enpresako langilea bihotzekoak jota hil den arren, lan istripua izaten jarraitzen du "ematen diren lan harreman, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza baitira". 

Bihotzekoak laneko heriotzen arrazoi nagusia direla dio UGT sindikatuak bere aldetik eta istripu hilgarrien gorakada "kezkagarria" dela azaldu du. Datuei erreparatuta, lanorduetan gertatutako istripu hilgarrien intzidentzia %11,7 hazi egin da. Horiek horrela, 211 istripuetatik %12,8a baino gehiago bihotzekoak zein iktusak dira. Ondorioz, laneko istripuen aurka borrokatzeko mekanismoak indartu ditzan eskatu dio Fiskaltzari.

ELA sindikatuak prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak "berehalakoan" ezarri ditzala exijistu dio Eusko Jaurlaritzari.