Zorrotzako Euskal Txokoa Kultur Elkarteak 1995eko irailean argitaratu zuen Zorrotz Morrotz aldizkariaren lehen alea, Bilbon argitaratu zen lehen herri aldizkaria bilakatu zena hala. Zorrotzako auzoari informazioa euskaraz ematea zen aldizkariaren helburua eta bere horretan jarraitzen du, formatu berri batean hemendik aurrera.
Aldizkaria paperean edukitzeaz gain, irakurleak zorrotzmorrotz.eus web orrian eskura izango dituzte ZMren erreportai, artikulu, elkarrizketa eta bestelakoak, baita, nobedade bezela, iraganean argitaratu diren edizioak ere, PDF formatuan irakurgai. Web orrian aldizkaria postan jasotzeko harpidetza egin ahalko da baita ere, eta auzoko ekintza eta jarduera guztien berri emango da. Presentzia digitala indartzeko, sare sozialetako profil guztiak izan dute bultzada, eta irakurleak haien bidez jarraitzera animatzen dituzte, uneoro auzoko albisteen berri izateko.
Erronka handia
Digitalizazioaren berri emateko plazaratu duten jakinarezpenean azaldu dutenez, ez da lan erraza bizirautea paperezko komunikabide batentzat, “tokian tokiko aldizkari bat bada 2024ko gizarte globalizatuan”. Inguru erdaldun batean euskara hutsean diharduen komunikabide batek 1995etik gaur egunera arte aurrera egitea ez da bide erraza izan, baina Zorrotz Morrotzek eman du digitalerako pausoa, eta hasiera ematen dio horrela aro berri bati.
2010etik bi aldiz saiatu izan dira aldizkaria berpizten, 2012 eta 2015 urteetan ale bana argitaratu zirelarik; 2015ean eman zioten bultzada berriz ere, erredakzio-taldeko kide baten kanpo-lanaren erdi-kontratazioari eskerrak. Musu-truk lan egiten jarraitzen dute Zorrotz Morrotzeko erredakzio taldean, 1995an lehen alea argitaratu zenean bezala, eta hala izaten jarraitzea nahi dute. Web orrialde berrian, “harpidetza” atalean bada haiekin kolaboratzerik, izan edukia idazten edota aldizkaria bera garatzen.
Etorkizunera begira
Mugarri garrantzitsu hau bada atzera begirada egiteko eta egindako bideaz gogoeta egiteko arrazoi, baina Zorrotz Morrotzek etorkizuna dauka gogoan, “1995ean lehen ale hura argitaratu genuenean bezala, Zorrotza euskalduntzen jarraitzeko helburu eta grina berberei eutsita sarera egingo dugu jauzi orain”.
Gogoratu Uriolaren atarian ere badagoela ZMren azken alea irakurtzeko aukera.