Urko Martinez irailean epaituko dute Troikaren aurkako istiluetan parte hartzegatik

uriola.eus 2016ko eka. 22a, 14:11

2014ko martxoaren 3an Global Forum Spain bilkuraren kontrako istiluetan parte hartzea egotzita epaituko dute datorren irailaren 29an Urko Martinez gazte bilbotarra. Libre plataformak eta Eleak mugimenduak elkartasuna adierazi diote Martinezi gaur goizen eginiko agerraldian. Martinez eta gainerako auzipetuen "eskubideak defendatzeko" deia zabaldu dute. 

Estatu Espainiarreko eta Europako ekonomia erakunde nagusietako ordezkariak izan ziren Global Forum Spain bilkurako partaide. Bilkura hasi aurretik, bitartean eta ondoren, hainbat protesta egin ziren Bilboko kaleetan "egoera ekonomikoa salatu eta Troikari ez zela ongi etorria gogorarazteko".

Manifestari batzuk banketxe eta multinazionalen saltokiak erasotu zituzten. "Sistema kapitalista-heteropatriarkalaren eskaparateak", adierazi zutenez. Kale Nagusian eta Alde Zaharrean sortu ziren istilu gogorrenak. Guztira, 13 lagun atxilo zituzten, tartean Urko Martinez Otxarkoagako gaztea. Datorren irailaren 29an epaituko dute Martinez.

 

Egiraunen absoluzioa

2014ko martxoaren 3ko istuluetan parte hartzegatik epaitua eta asbolbitua izan zen joan den martxoan Iker Egiraun deustuarra. Fiskaltzak 120.00 euroko isuna eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen Egiraunentzat. Froga faltagatik erabaki zuen auzitegiak ezin zitzaiola Egirauni Alde Zaharreko, Abandoko eta Indautxuko istiluen egiletza egotzi, eta hortaz, ezin zela epaitua izan ebatzi zuen. 

 

[2016-04-18] Iker Egiraun deustuarra absolbitu dute

[2016/03/31] Iker Egiraunen auzia "borroka soziala kriminalizatzeko" eta "gaztedia desaktibatzeko" estrategiatzat jo dute

[2016/03/31] Iker Egiraun gaur epaituko dute Troika Bilbon izan zeneko istiluen harira

[2014/03/03] Troikaren Goi Bilera salatzeko manifestazioko argazkiak