Paella eta scalextric‬ erraldoia izango dira Santutxuko jaietan

uriola.eus 2016ko uzt. 15a, 09:30
Argazkia: Bizit Santutxu

Azken txanpa dute Santutxuko jaiek. Eguraldia lagun, jardueraz beteriko hiru egun dituzte aurretik auzotarrek. Gaur, hilak 15, besteak beste, paella erraldoia prestatuko dute Karmen plazan. Helburu solidarioa duen paella da, jasotako dirua Aspanovas elkartera bideratuko baitute. Basarrate plazan, berriz, scalextric‬ erraldoia muntatuko dute eguerditik aurrera. 

Euro baten truke paella jateko aukera eskainiko dute gaur 13:30etik aurrera Karmen plazan. 'Paella solidarioa' ekimenean jasotako dirua minbizia duten umeei laguntzen dien Aspanovas elkarteari emango dio Santxuko Merkatarien Elkarteak.

Paella bezain erraldoia izango da eguerditik aurrera Basarrate plazan muntatuko duten scalextric‬a. Nahi duen orok, txiki zein handi, bertatik bertara jarraitu ahalko du muntaketaren prozesua. 

 

Santutxuko 3. Boulder Txapelketa

Txurdinagako tuneletan jokatuko da arratsaldez Santutxuko 3. Boulder Txapelketa. Izena emateko bi euro ordaindu beharko dute partaideek (16:00-17:00 bitartean). Finalderdiak 18:00etan hasiko dira eta finala 19:00etatik aurrera. Arratsaldean zehar "umeentzako ekintzak, jolasak, musika, giro ona eta sari banaketa" izango dira.  

 

'Hartu trena'

20:00etan, Egunkaria plazatik abiatuta, Santutxuko Sare dinamikako lantaldeak mobilizazioa deitu du 'Hartu trena' lelopean. 

 

UZTAILAK 16 LARUNBATA

Eskubaloian 

Beltzagorri Santutxuko taldeak larunbatean, hilak 16, 11:00etan Briñas Eskolan eskubaloian jolasteko aukera eskainiko die bertaratzen diren guztiei. 

 

Areto futbola

Urtero legez, Stilo Kirol Klubak nesken areto futbol txapelketa antolatuko du aurten ere Santutxuko jaietan. Larunbatean izango da, Briñas eskolako jolastokian. 

 

Santutxu eta Castalla, elkarren bidaide

Uztailaren 16an, Grup de Danses i Cançons de Castalla taldea izango da Santutxun, Gaztedi Dantzari Taldearekin batera auzoko jaiak ospatzen.

65. urteurreneko ospakizunei jarraiki eta, urtero legez, Santutxuko jaiekin bat eginez, dantza eta musikaz bustiko du Gaztedi taldeak berriro Karmen Eguna. Oraingo honetan, ordea, ez dira bakarrik egongo; izan ere, Alacanteko Castalla herriko dantzari eta musikariak izango dira, ospakizun bikoitz honetan auzoa girotzen.

Ekitaldia Karmelo Plazan izango da, arratsaldeko 18:00etan. Gaztediko kideek euren jardunarekin bai castallatarrak bai santutxuarrak "pozik uztea" espero dute. 

@Sangutxu

facebook.com/sangutxu.santutxukojaiak

euskaldunona.com/santutxukojaiak.html

issuu.com/sangutxu/docs/16liburuxka104

[2016-07-08] Dena prest Santutxun jaiei hasiera emateko

[2016-07-08] Hemen dira Santutxuko jaiak