Oihana Bartra ez da sailkatu txapelketa nagusiko hurrengo faserako

uriola.eus 2022ko urr. 10a, 11:22
Oihana Bartra, irailaren 24an Getxon egindako saioan

Atzo jokatu zen lehen faseko azken saioa Lizarran (Nafarroa), eta orduantxe erabaki zen lehian jarraituko duten bertsolarien izen zerrenda osoa. Santutxuar bertsolaria, parte-hartzaileen artean bilbotar bakarra, ez da finalaurrekoetara pasako.

Getxoko Muxikebarrin jokatutako saioan 653.50 puntu bilduta, 25. postuan amaitu du Bartrak txapelketako lehenengo fasea, puntuazioz azken sailkatua izan den Iñaki Apalategi baino sei postu beherago. Ondorioz, finalaurrekoetan ez du abestuko santutxuarrak.

Saio hura amaitu berritan aitortu zion Bartrak Uriolari ez zuela bere burua ikusten finalean. Hala ere, egindako lanarekin pozik azaldu zen, eta Muxikebarri aretoko ikusleen aurrean eroso eta gustura egon zela adierazi zuen. Aurtengoa Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu duen laugarren biderra izan da santutxuarrarentzat.

Hurrenez hurren, honako bertsolari hauek izan dira lehenengo faseko sei saioetan gailendu diren bertsolariak: Alaia Martin, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal, Haritz Mujika, Jone Uria eta Aitor Bizkarra. Puntuazioz sailkatu direnak, berriz, honako hauek izan dira: Oihana Iguaran, Nerea Elustondo, Ane Labaka, Julio Soto, Onintza Enbeita, Agin Laburu, Aitor Etxebarriazarraga, Maddalen Arzallus, Eñaut Martikorena, Saioa Alkaiza, Miren Artetxe, Asier Azpiroz eta Iñaki Apalategi. Horiei guztiei batuko zaizkie finalaurrekoetan azken txapelketa nagusian finalista izandako Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Azkenik, egungo txapelduna den Maialen Lujanbio izango dute zain Iruñean jokatuko den final handian.