Ibaiganeko langileak: "Agian gu ere joan gaitezke salestarren ikastetxera"

uriola.eus 2014ko uzt. 9a, 10:00

Ibaigane ikastetxeko 38 langileek “ia hilabete” daramate irtenbide eske, eta ez Hezkuntza Sailak ez Kristau Eskolak ez Sagrado Corazon fundazioak ez die euren etorkizunaren inguruko erabakirik argitu.

Bilerak izan dituzte Kristau Eskolarekin eta ikastetxeko fundazioarekin –Sagrado Corazon lagundia– eta “erantzun epelak” baino ez dituzte jaso. Langileen ordezkari Ernesto Galbarriaturen esanetan curriculuma eraman dezatela eskatu diete, baina “benetan finko ez dago ezer”. Abuztuaren 31ra arte Ibaiganeko langile izaten jarraituko dute 38 langileek eta hortik aurrera, jardueraren amaitzea edota hartzekodunen lehiaketa etor daitezke.

Ikastetxea hartzekodunen lehiaketan sartzen bada, Galbarriaturen ustez, beharginen egoera “geroz eta okerragoa” izango da, eta “egoera pertsonal zailak” izan ditzakete. Are zailagoak Hezkuntzako zerrendetan sartzerik ez baitute izango.

“Ikasleak beste ikastetxe batera eta dirua ere hara”

Modulu edo kontzertu bidez Ibaigane ikastetxeak jasotzen zuen diru publikoaren zati bat salestarren ikastetxera joan dela adierazi du Galbarriatuk gaurko agerraldian. Ibaiganeko “DBH osoa hartu dute” salestarrek, “horra badoa diru publikoa, Hezkuntza Sailak zerbait esan behar du, agian gu ere joan gaitezke lan han egitera”. Hezkuntza Sailari ez ezik Kristau Eskolari eta Sagrado Corazon fundazioari ere zuzendu zatzaio “guk denei irtenbidea eskatzen diegu” esaterakoan.

B lerroaren itzulera Deustu ikastetxera

Deustuko ikastetxeak –publikoa eta D eredukoa- B lerroa berreskuratuko du –desagertuta zegoena– hurrengo ikasturtean Ibaiganeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak hartzeko. Gaur Deustuko hezkuntza batzordeak “atzerapauso ikaragarritzat” jo du gertaera “auzoko euskalduntze prozesurako”. Galbarriatuk ez ditu baloratu nahi izan hitzok. Ikasle horiek Deustu ikastetxera bideratzeko erabakia “Hezkuntza Sailarena" izan zela argitu du, eta langileen proposamena ez zela hori zehaztu du. “Guk eskatu genuen bloke osoa itunpeko beste ikastetxe batera joatea. Ibaiganeko B eredukoek Deustuko ikastetxean jarraitzea Hezkuntza Sailaren arazoa da, ez gurea”.

Uztailean astero "behin edo birritan" mobilizazioak eginez jarraituko dute Ibaiganeko langileek. Gaur LAB sindikatuko ordezkarien babesa jaso dute.

 

[2014/07/09] Ibaiganeko langileek gaurko deitutako elkarretaratzearekin bat egin du LABek

[2014-06-30] Ibaiganeko langileak irtenbide eske

BERRIA: Ernesto Galbarriatu. Ibaigane ikastetxeko langileen eleduna: «Bazter batean utzi gaituzte; lan gabe»

[2014/06/26] Ibaiganeko ikasleak Deustu ikastetxea eta Salesianosen artean banatuko dira

[2014/06/26] Atsekabea Ibaiganeko ikasle guztiek elkarrekin jarraituko ez dutela eta 

[2014/06/20] "Konponbide orokorra denentzat" eskatu dute Ibaigane ikastetxean

[2014-06-20] Ibaigane ikastetxea beltzez jantziko da bere azken egunean

[2014-06-18] STEE-EILASek Ibaigane ikastetxea ixtea salatu eta konponbidea eskatzen du