Pentsiodunek jasaten dituzten "etengabeko erasoak" salatu dituzte

uriola.eus 2014ko urr. 24a, 13:08

"Pentsio sari bat ere ez hileko 1.000 euroren azpitik", oihukatu dute dozenaka pentsiodunek gaur eguerdian Plaza Biribilean. Azken urteotan, "dekretu eta erreforma ezberdinekin", pentsio eta osasun publikoaren sistema "etengabe erasotua" izan dela salatu dute protestaldiko partaideek. 

Pentsioen "izoztea" (2011tik), botika eta osasun prestazioen "berrordainketa" (2012tik), Mendekotasun Legearen "bazterketa", pertsona adindunak artatzeko diru-laguntzen "murrizketa", adindunen egoitzetako artapenaren "kalitate murrizketa" eta egoitzetako prestakuntza bereziko "langile falta" dira gaurko elkarretaratzean salatu dituzten egoerak. Eta horiek konpontzea administrazio publikoen lana dela gogorarazi dute Pentsionistak Martxan plataformako kideek: "Ahalegin berezia egin beharko lukete mendekotasuna pairatzen duten gizon eta emakumeen bizi kalitatea hobetzeko". 

Madrileko Gobernuak iragarri berri du hurrengo urtean pentsioak %0,25 igoko dituela. Igoera "miserabletzat" jo dute, alegia, 1,5 euro "baino ez da" 600 euroko pentsioa jasotzen duenarentzat. "Madriletik, atzo PSOE, gaur PP", izozketa eta pentsioen erreformekin, "milaka pertsona heldu eta pentsiodun pobreziara kondenatzen" ari direla salatu dute gaur. %0,25eko igoerarekin jatea "ezinezkoa" dela salatu dute pentsiodunek. Horregatik, hilero 1.000 euroko diru sarrera aldarrikatu dute beste behin pentsiodunek, pertsona baikoitzarentzat, "egoitza batean egon edo ez, bere mantenuaren berme bezala".

Berrordainketa ere gogor gaitzetsi dute pentsiodunek. Adinekoei "gorabehera asko" eragiten dien neurria izaki Eusko Jaurlaritzari erantzukizunez jokatzeko eskatu diote. "Zergak kobratu behar dituenen bezain bizkor erantzuteko berrordainketari ere". 

 

[2014/06/25] Botiken berrordainketa bertan behera uztea eskatu dute pentsiodunek

[2014/06/20] Pentsiodunek osasun publikoa eta doakoa aldarrikatuko dute beste behin

[2014/06/20] "Osasun publikoa, doakoa, kalitatezkoa eta guztiontzat"