Herri akusazioa osatzen duten eragileen arabera "frogatutzat geratu da" Mikel Cabiecesek "ez zuela berariazko zerbitzurik ematen" Rafael Alcorta abokatuaren bufetean "horrelako ordainsaririk -hilean 6.000 euroko soldata- eskuratzeko". LAB sindikatuko Urtzi Ostolozagak Bilboko epaitegiko atarian adierazi duenez "EAJ, PP eta PSE-EE alderdien artean adostu zuten Cabieces BBK-ko Administrazio Kontseiluko kide izango zela lehenik eta Patronatuko kide gero".
2012ko urtarriletik 2013ko azarora Cabiecesek Rafael Alcorta abokatuaren bufetean egin zuen lan, "Kutxabankekin harremana zuten gaiak lantzen" batik bat. Herri akusazioak lortu duen informazioaren arabera, "hilero bi epaiketa prestatzen zituen, 1,6 kontsiliazio kasu eta bi aholkularitza". Zuzenbidean jarduten duten profesionalei kontsulta eginda jakin du herri akusazioak "astebetean halakoak eta gehiago egin daitezkela". Hortaz, Ostolozagak salatu duenez, "ez dago justifikatuta egiten zituen lanak Kutxabank finantza erakundearentzat beharrezkoak zirenik".
Mesede tratua "alderdi zehatz batzuek" eman zioten Cabiecesi, herri akusazioko eragileen arabera "Kutxabanken pribatizazioa aurrera eraman zuten berberak". Hori dela eta eskatu dute "onura atera dutenek eta onura antolatu dutenek ardura bere gain" har dezatela.
Langabezia saria
Beste salaketa bat jaso dezake Mikel Cabiecesk 307 artikuluagatik, hau da, prestazio desegokia jasotzegatik. Kutxabank eta Iberdrolatik soldata jasotzen zuela, 2012ko martxotik 2013ko martxora, langabezia saria eskatu eta jaso zuelakoan. Gaur akusazio partikularrak ezagutzera eman duenez, guztira 14.000 euro izan ziren INEMetik jaso zituenak. Fiskalak aurkeztutako Cabiecesen diru kontuetan "ikus daitezke hilero jasotzen zituen kopuruak". Herri akusazioak, "egoera bidegabe eta insolidario honen aurrean" diru hori itzultzeko eskatu dio Cabiecesi.
Auzia
Kutxabanken baitan izandako ustezko irregulartasunak direla eta, Fiskaltzak ezarritako salaketaren ondorioz Bilboko 4. Instrukzio Epaitegian abiarazitako prozesuan inputatuta daude Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alcorta.
Herri akusazio bezala parte hartzen dute prozesu horretan hainbat eragile sindikal eta sozialek (LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, EKA, Euskal Herriko pentsionisten plataforma). Gaurko saioan herri akusazioak deiturik deklaratu dute Ignacio Sanchez Asiain Kutxabankeko negozio zuzendari ohiak eta Diego Recondo Giza Baliabideetako arduradunak.
Deklaratzeko gelditzen diren lekukoak ekainaren 19an igaroko dira Ana Isabel Alvarez epaileaaren aurretik.
[2015/02/26] EAJk eta PSOEk uko egin diote Kutxabanken gaineko kanpoko kontu-ikuskaritza exijitzeari
[2015/02/06] Kutxabanken pribatizazioa eta "kiratsa" salatu dituzte
[2014/12/18] Kutxabankeko langileek ez dute pribatizaziorik nahi, ELA eta LABen arabera
[2014/11/13] Nora doa Kutxabank fundazioa?
[2014/06/26] EAJk, PPk eta PSOEk bat egin dute Kutxabank-en pribatizazioarekin