Goizaldeko 06:00ak aldera eman dute berria mundu mailako hedabideek; Eskoziak Erresuma Batuaren parte izaten jarraituko du. Orain arte emandako emaitzen arabera, %44,7ak bozkatu zuen atzoko egunean independentziaren alde, eta %55,3ak, aurka. Parte hartzea %85ekoa izan da eta Glasgown independentziaren aldeko nahia nagusitu bada ere, barruti gehienetan ezezkoak irabazi du.
Emaitza hauen berri izan aurretik, atzo arratsaldean, EH Bilduk Eskoziari babesa agertzeko ekimena egin zuen "Herriek erabaki, Scotland Yes, Euskal Herriak Bai” lelopean. Hegoaize taldeak giroa alaitu zuen eta parte hartzaileek `argazki herritarra´ egin eta gero, luntxa izan zuten. Ekimenean, Oskar Matutek hartu zuen hitza, Matutek argi utzi zuen emaitza alde batera utzita, "Eskoziarren burujabetza ariketa ospatzeko eta Katalanek azaroan egingo duten kontsulta babesteko" bildu zirela Areatzan, "Euskal Herria ere bere buruaren jabe izango den segurtasunarekin".
Koalizio ezkertiarreko kidearen arabera, "denon artean zehaztu behar dugu burujabetzarako euskal bidea, zailtasunak zailtasun, helburu bat duenak horretarako bidea aurkituko baitu".
[2014/09/18] Eskoziarren erreferenduma babesteko ekimenak Bilbon