Adostasuna lortuta, Atxurik kirol gune estalia izango du

uriola.eus 2014ko urr. 14a, 13:37

Atxuriko kiroldegiaren ondoan dagoen parkean eraikiko du Udalak, 2015eko maiatzerako, kirol gune estalia -horma gabea-. Auzotarren arteko eztabaida, gunearen ezaugarri eta kokapena dela eta, bukatutzat eman da, nahiz alde guztiak pozik ez geratu. Hala eta guztiz, denek ontzat jo dute akordioa, batik bat, kirol gunearen beharrizana handia delako.

Kiroldegi ondoko parkea "ez da lekurik onena", Atxurigorri elkartearen esanetan, saskibaloi kantxa estalia eraikitzeko, parkea baita "funtzionatzen duen leku bakarra". Baina Atxurigorriren ustez, une honetan, garrantzitsuago da "konfliktoa bukatutzat ematea" eta kirol gunea "lehenbailehen egitea".

Bai Udalak bai auzotarrek hileak tirabiran eman dituzte. Atzoko bileran adostu zuten, azkenik, akordioa alde guztiek. Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Jose Luis Sabasek adierazi duenez, ondo bidean, maiatzerako prest izango dela kirol gunea. Sabasek gaineratu duenez, kantxa eraikitzeko ardura eman zitzaion enpresari ez zaio kalteordainik ordainduko, "ez baita obra egiten hasi".

"Behar handia dago" Atxurin. Horregatik auzoan saskibaloian eta futbolean jokatu ahal izateko, besteak beste, Udalak "zerbait polita eta funtzionala" egitea lehenesten du Atxurigorrik. Izan ere, Garcia Rivero eskolako jolastokia "oso txikia da", eta ez ditu gutxiengo neurriak betetzen ez Eskola Kirolerako ez kirol federaturako.

Kantxa estalia kokatzeko, Hermanitas de los Pobresen aldekoa zen Atxurigorri. "Lehenengo kokapenaren aldekoa". Baina Udalak "lau katuri egin die kasu", adierazi du kexa aurkeztu zuten auzotarrengatik. Mojen lursailean, aldapan, kirol gunea ezarriz gero, espazio berri bat "irabaziko litzateke", elkartearen iritziz.

Kiroldegi ondoko parkean gaur egun umeentzako jolas parkea dago. Bertan, kirol gunea egiten denean, "kentzen dutena beste leku batean ipintzea" espero du. "Ez txirrista eta beste zerbait, orain daudenak baino hobeak".

Laster, Alde Zaharrak kirol gune bat galduko du, Esperantza frontoia, eta horrek asko arduratzen du Atxurigorri elkartea: "Ibaiondo barrutian, zein kirol leku geratuko zaigu", galdetzen dute.

Beste helburu batzuk

Atxurigorri gogotsu dago kantxaren afera bukatutzat eman eta auzoko beste beharrizan batzuei heltzeko. Besteak beste, Gizakunde plazaren "erabateko oinezkoen gune bihurtzeko planari" edota Ollerietarako eskaileren "alternatiba mekanikoen eskakizunak lantzeari".

 

[2014/10/14] Kirol kantxari buruz, Enkarnazioko parkeari buruz eta Atxuri auzoko hirigintzako beharrizanei buruz

[2014/10/08] Atxuriko Eskailerak. Eskuragarritasunarazoa

[2014/10/08] ATXURIKO PILOTA JAIA 2014

[2014/09/15] Atxuri: auzoko elkarguneen alde, kolpez kolpe!

[2014/03/20] EAJk argi hitz egin behar dio Atxuriko auzoari eta

[2014/02/26] Atxuriko auzokideek kirol espazioaren aldeko eskaria kaleratu dute jai giroan

[2014/02/21] IBAIZABAL: MANIFESTAZIOA ATXURIN

[2014/02/19] Atxuriko kantxen alde dauden elkarteen manifestua

[2013/12/11] Udalaren jardute “ankerrak” Atxuri auzoarentzat beharrezkoa den azpiegitura arriskuan jar dezake Bilduren ustez