Zazpikaletan trafikoak %33 behera egin du oinezkoen gune bihurtzeko probak iraun duen lau hiletan

uriola.eus 2014ko aza. 4a, 12:00

Probak iraun duen bitartean -lau hile- zamalanen puntako orduetan ibilgailuen kopurua gutxitu da, 600 izatetik 400en bat izatera, ordu gorietan %33 ibilgailu gutxiago egon dira. Datuak eskutan, Udalak erabaki du azaroaren lehen hamabostalditik aurrera Udaltzainen "kontrola handitzea", eta hala badagokio, isunak jarriko dizkiete txartelik gabeko ibilgailuei, kontrako noranzkoak dabiltzanei eta ibilgailua atzerantz gidatzen dutenei. Egoiliarrei "malgutasuneko neurri moduan", utziko zaie, domeketan ez ezik astegunetan ere, goizeko 8etatik 11etara, eta, martitzen eta eguaztenetan, 21:00etatik 23:00etara ibilgailua sartzen.

Obra eta Zerbitzuen Sailak, Zirkulazio eta Garraio Sailarekin eta Herritarren Segurtasun Sailarekin elkarlanean, lau hilabetez Zazpi Kaleak benetan oinezkoen alderdi bihurtzeko proba aitzindaria burutu du.

Lau hilabeteotan ikuskatzaile-talde batek Zazpi Kaleak zaindu ditu eta oinezkoen alderdira sartu diren ibilgailuei buruzko datuak hartu dituzte. Guztira, ibilgailuen sarrera-kopurua 40.000tik gorakoa izan da.

Jasotako datuek % 95eko fidagarritasuna dute. Obra eta Zerbitzuen Sailak, Zirkulazio eta Garraio Sailak eta Herritarren Segurtasun Sailak osatutako batzorde teknikoak eta gizarte-eragileek, merkatariek eta auzotarrek osatutako Erabilera Zibikoen batzordeak kudeatu dituzte datuak.

Gainera, auzokideek kontsultak eta ekarpenak egiteko bulego bat izan dute Ibaiondo Udaltegian. Era berean, 3.000 txartel baino gehiago bidali zaizkie oinezko alderdiko auzokide eta erabiltzaileei.

Lau hilabeteotan Bilboko Udalak auzotarrek egindako 372 ekarpen jaso ditu. Horietako 60 informazioa jasotzeko izan dira; gehien bat, txartelei, baimen bereziei, sartzeko ordutegiei, zamalanak egiteko denbora-tarteei eta zirkulazio-norabideei buruzko informazioa jasotzeko.

Datuak

Proba egiten hasi zenetik, zamalanen puntako orduetan ibilgailuen kopurua gutxitu da, 600 izatetik 400en bat izatera pasatu dira-eta. Beraz, ordu gorietan %33 ibilgailu gutxiago egon dira proba egin bitartean.

Ibilgailuen %90ek ez du zirkulatzeko eta aparkatzeko beharrezko txartela. Udalak auzotarrei eta erabiltzaileei 3.000 txartel banatu dizkie.

Aparkatutako ibilgailuen %85etik gora gehienez 10 minutuz egoten ziren aparkatuta.

Ikastetxeetarako erronda-ardatz seguruetan arauak bete ez dituztenei zehapena jarri zaie; eskola-umeen joan-etorriak direla-eta alde horretan arautegia zorrotz bete behar delako.

Zirkulazio-norabideek ondo funtzionatu dute proban. Hala ere, hobetzeko neurri hauek hartu dira:

Foru kalea ireki da eta dagoeneko ez da zaku-hondoa. Horretarako edukiontziak eta taxi-geralekua lekuz aldatu dira.

Baimendutako abiadura moteldu da Askao-San Nikolas aldean. Horretarako, seinaleztapen horizontala indartu dugu.

Sarrera guztietan baimendutako gehienezko abiadura orduko 10 kilometrokoa dela adierazten duten seinaleak jarri dira.

Zamalanetarako aldeak handitu dira Erriberan eta Epaltzaren Alargunaren kalean.

Azaroaren lehen hamabostalditik aurrera abian jarriko diren neurriak

Udaltzainen kontrola handiagoa izango da eta, hala badagokio, isunak jarriko dizkiete txartelik gabeko ibilgailuei, kontrako noranzkoak dabiltzanei eta ibilgailua atzerantz gidatzen dutenei.

Zazpi Kaleak benetan oinezkoen alderdiari dagokion funtzionamendua egoteko txartelak jartzea nahitaezkoa da, baita benetako datuak jasotzeko ere.

Banatzaileen lana errazteko, komertzio batzuetan banaketa egiten dutela kontuan hartuta, merkatariaren txartela zein Bilbon guztian erabiltzen duten banatzaile profesionalaren txartela erabiltzea izango dute.

Era berean, zigortu barik, ibilgailuen aparkaldiko denbora zehatz-mehatz kontrolatuko da, dagozkien 30 edo 15 minutuko gehienezko tarteak betetzen dituzten ala ez ikusteko eta ibilgailuz betetako kalerik baden eta aparkatze okerrak diren ikusteko.

Egoiliarrak

Malgutasuneko neurri moduan, egoiliarrei utziko zaie, domeketan ez ezik astegunetan ere, goizeko 8etatik 11etara, eta, martitzen eta eguaztenetan, 21:00etatik 23:00etara sartzen.

EHBilduren kritikak

Kritiko agertu da EH Bildu Alde Zaharreko oinezkoentzako Hobekuntza Planaren harira. Ana Etxartek salatu du Udalak ez dituela auzokideen iritzia eta ekarpenak kontutan izan. “Abian jarri duten Batzordea informatiboa baino ez da, Udalak parte hartzen dutenei informazioa emateko baino ez du balio, bertan ematen diren iritziak kontutan hartu gabe. Parte hartzaileak desengainatuta daude, egindako ekarpenak kontutan hartu ez direlako. Alde Zaharrean sortzen diren arazoei aurre egiteko ekarpen egingarriak mahai gainean jarri zituzten eta hauek ez dira kontutan izan, txikikeriak baino ez”.

EHBilduko zinegotziak azpimarratu du hobekuntza planak ez duela kontutan hartu ez bizilagunen errealitateak ezta behar izanak “beraiek direnean zigor gutxien jasotzen dituztenak”. Etxartek salatu du bizilagunek ezin dituztela goizak erabili, eta domeketan 18etatik 22etara eta azkeneko handitzea (astearte eta asteazken 21:00tatik 23:00tara ezartzea ordutegi bezala), ez da auzunearen behar izanetara egokitzen.

Hautetsi soberanistak azpimarratu du "oso interesgarria" litzatekeela martxan jartzea bizilagunen eskutik etorritako hainbat proposamen, adibidez denbora txartel edo kontagailu bat jartzea non denbora deskontatzen joango litzateke bizilagunak alde zaharrean dauden bakoitzean. “Mota honetako proposamenak egokiago lirateke bizilagunentzat eta ez lukete karga eta deskarga denborekin topo egingo.

Hori dela eta, Etxartek Udalari deia luzatu dio batzar ireki bat dei dezala. “Proba esperientzia batez ari bagara, moldatzeko aukera dagoela pentsa dezakegu, beraz ezin dugu ulertu Udalak aurreikusita ez izatea batzar ireki bat antolatzea prozesuari amaiera eman baino lehen”.

Azkenik, EHBilduk prozesu irekia eta parte-hartzailea aldarrikatzeaz gain, herritarrek egindako ekarpenak aintzat hartzeko eskatu dio gobernu batzordeari.

 

[2014/07/01] Oinezkoentzako Planak ezinegona eragin du Zazpikaleetan

[2014/06/17] Zazpi Kaleak oinezkoen gune izateko behin behineko plana gaurtik aurrera abian da

[2014/05/26] Zazpi Kaleak oinezko esparru bihurtzeko esperientzia pilotua aurkeztuko du Udalak