Aldaketak Zazpikaletan ibilgailuarekin ibili behar duten egoiliar eta garraiolarientzat

uriola.eus 2014ko aza. 18a, 09:00

Bilboko Udalak jakinarazi duenez gaurtik aurrera, azaroak 18, Zazpikaletako egoiliarrek ibilgailua auzoan sartzeko ordutegi zabalagoa izango dute eta garraiolariek ordu-diskoa eskuratzeko erraztasun gehiago izango dituzte. Ostiraletik aurrera, berriz, Zazpikaletan dabiltzan ibilgailuen gaineko kontrola zorroztuko du Udaltzaingoak.

Hortaz, hau izango da egoiliarrentzat baimendutako ordutegia:

- Astelehenetik zapatura (lanegunak): 08:00-11:00

- Martitzenetan eta eguaztenetan: 21:00-23:00 ere bai (lanegunak direnean eta ez jai-bezpera)

- Domeketan eta jaiegunetan: 18:00-22:00

Ibilgailuan ordu-diskoa ondo ikusteko moduan jarri beharko dute egoiliarrek nahitaez, autoa aparkatuta egongo den denbora-tartea adierazita dutela. Zazpikaletan aparkatuta gehienez eman dezaketen denbora 15 minutu izaten jarraitzen du.

Zazpi Kaleak oinezkoentzat egokitzeko probaren osteko hobekuntza-neurrien artean sartzen da ordutegia zabaldu izana.

Merkatari, ostalari eta banatzaileentzat oharra

Zama-lanak egiteko 8:00-11:00 bitarteko ordutegia izango dute astelehenetik larunbatera Zazpikaletan merkatari, ostalari eta banatzaileek. Orain artean, Alde Zaharreko Oinezkoentzako Hobekuntza Plana dela eta, garraiolariek beharrezkoa zuten ordu-diskoa edukitzea Zazpikaletan ibilgailuarekin sartu ahal izateko; merkatariek ahalbidetzen zieten diskoa. Alkatetzak berriki eginiko aldaketak direla eta, TAO-OTA eremuan zama-lanak egiteko egun garraiolariek darabilten ordu-diskoak balioa izango du Zazpikaletan ere.

Ordu-diskoa TAO-OTAren Lersundi kaleko bulegoetan eskura dezakete garraiolariek, betiere turismoak ez diren ibilgailuak izanez gero, bi aulkiko ibilgailu mistoak alegia, furgonetak eta kamioiak.

Ibilgailuan ordu-diskoa ondo ikusteko moduan jarri beharko dute garraiolariek, ibilgailua aparkatuta egongo den denbora-tartea adierazita dutela. Zazpikaletan aparkatuta gehienez eman dezaketen denbora 30 minutu izaten jarraitzen du.

Ostiraletik aurrera isunak

Azaroaren 21etik aurrera, Bilboko Udaltzaingoaren kontrola handituko da, eta hala badagokio, agenteek isunak jarriko dizkiete txartelik gabeko ibilgailuei, kontrako noranzkoak dabiltzanei eta ibilgailua atzerantz gidatzen dutenei.

 

 

[2014/11/04] Zazpikaletan trafikoak %33 behera egin du oinezkoen gune bihurtzeko probak iraun duen lau hiletan

[2014/07/01] Oinezkoentzako Planak ezinegona eragin du Zazpikaleetan

[2014/06/17] Zazpi Kaleak oinezkoen gune izateko behin behineko plana gaurtik aurrera abian da

[2014/05/26] Zazpi Kaleak oinezko esparru bihurtzeko esperientzia pilotua aurkeztuko du Udalak