Bilbo Zaharrean olerki artean salatu dute Mikel Etxabururen auziperatzea

uriola.eus 2015ko urt. 9a, 21:50

Astelehenean, urtarrilaren 12an, abiatuko da Auzitegi Nazionalean Batasuna, EHAK, eta EAE alderdietako zuzendaritzen aurkako epaiketa. Bertan, hiru bilbotar , Mikel Etxaburu, Joana Regueiro eta gorka Diez epaituak izango dira, besteak beste. Gaur, Bilbo Zaharrean, Etxabururen auzoan, ekimen berezia egin dute bere auziperatzea gaitzesteko.

Plastiko zinta luze batean Mikel Etxabururen olerki bat idatzi dute Bilbo Zaharreko lagunek eta ondoren, auzoko balkoietatik zinta eskegi dute. Balkoi bakoitzean lotzean, auzokide batek bere olerki bat irakurri du.

4/08 sumarioaren baitan 35 pertsona izango dira epaituak urtarrilaren 12, 13, 14, 19, 20, 21, 29 eta 30 bitartean. ETAko kide izatea leporatuta, 10 urteko espetxe-zigor eskaerari eta kargu publikoan aritzeko beste 10 urteko debekuari aurre egin beharko diote.

Epaituen artean, hiru bilbotar daude, Joana Regueiro, Mikel Etxaburu eta Gorka Diez; hirurak, 2007ko urriaren 10ean atxilotu zituzten Seguran egindako sarekada batean. Joana Regueirok bi urte eman zituen Soto del Real, Brieva, Villabona eta Alkalako espetxeetan eta 2009ko abenduaren 2an, 30.000 euroko fidantzapean aske geratu zen. Mikel Etxaburu 2010eko otsailaren 6an askatu zuten 50.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Bestalde, Gorka Diez 2009 irailaren 22an aske utzi zuten 15.000 euroko bermea ordaindu ondoren. Indautxuarra bada ere, azken urteak Zuian bizitzen eman ditu Diezek.

Gaurko elkarretaratzeaz gain, astelehenean, beste bi egongo dira. San Inazion, Joana Regueiroren auzoan, 19:30ean, giza katea egingo dute Sarrikotik San Inazioko Lebante plazara. Aldiz, Indautxun, Gorka Diezen auzoan, elkarretaratzea egongo da 20:00etan.  

[2014/01/09] Elkarretaratzea egingo dute Bilbo Zaharrean Mikel Etxabururen auziperatzea salatzeko