Webgunea eta atxikimendu kanpaina martxan jarri dituzte Alfredo Remirezi babesa agertzeko

uriola.eus 2017ko urt. 11a, 11:00

Alfredo Remirez @erreharria izenarekin da ezaguna sare sozialetan. 2015eko maiatzaren 19an atxilotu zuten 'Armiarma operazioaren' hirugarren fasean, eta aurtengo otsailaren 27an abiatuko da bere aurkako epaiketa. Babesa agertzeko eta adierazpen askatasunaren alde egiteko, urtarrilaren hasieratik martxan da www.alfreedo.info webgunea.

2015eko maiatzaren 19an, goizean, kalez jantzitako lau guardia zibilek atxilotu zuten Bilbo Zaharreko bere etxeko atarian Remirez, sare sozialetan terrorismoa goratzea eta biktimak iraintzea egotzita. Behin deklaratu eta gero, egun bereko eguerdian aske utzi zuten. Egun berean, beste hainbat lagun atxilotu zituzten, 22 hain zuzen ere. Operazio horren lehen fasea 2014ko apirilean jarri zuten martxan, 21 atxiloketarekin; urte bereko azaroan beste 19 lagun atzeman zituzten bigarren fase batean.

2017ko otsailaren 27an ekingo diote bere aurkako epaiketari eta bi urteko kartzela zigorraz gain, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen diote. 

Egoera honen aurrean, www.alfreedo.info webgunea martxan jarri dute kasuaren inguruko informazioa emateko, Remirezi babesa agertzeko eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarria zabaltzeko. Atarian bertan, atxikimendua eman dezakete norbanako eta kolektiboek eta dagoeneko, 230 lagunek agertu diote babesa, 8 kolektiborekin batera. 

Era berean, kontu korronte zenbaki bat (ES27- 3035 0089 12 0890048368) luzatu diete herritarrei, ekarpena egin eta epaiketak sortuko dituen gastuei aurre egiteko. 

Elkartasun Eguna Amurrion

Bilbon bizi bada ere, izatez Aiaraldekoa da Alfredo Remirez eta ondorioz, otsailaren 11n Elkartasun Eguna deitu dute dute Amurrion, "babesa emateko eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko".

 

[2015-05-19] Alfredo Remirez aske utzi dute

[2015-05-20] Alfredo Remirez: "Guardia zibilek 'ateratzean txiokatu ondo tratatu zaitugula' esan didate"