Hanburgon "gatibu" sei egun daramatzan David Rincon "berehala askatzeko" exijitu dute

uriola.eus 2017ko uzt. 12a, 12:50

Argazkia: Ecuador Etxea

Joan den ostegunean lagun batzuekin afaltzen zegoena atxilotu zuten Hanburgon (Alemania) San Inazioko auzotar David Rincon. Ordutik bere senide eta lagunek "informazio falta" salatu dute prentsaurrean gaur G20aren aurkako herri ekimeneko kideekin batera. David eta gainerako atxilotuak "ziurgabetasun egoeran eta babes juridiko gabe" dauela. Ostiralean elkarretaratzea deitu dute. 

Hanburgon G20aren goi bilerak iraun bitartean 200 bat lagun atxilotu eta 50 bat lagun atxiki ditu Alemaniako Poliziak. Guzti horietatik 43 daude oraindik "gatibu". Horietako bat da San Inazioko David Rincon. Gaur, berriro ere, azpimarratu nahi izan dute Daviden lagunek ez zutela "gertaturiko istilu edo buruturiko ekimenetan atxilotu, lagun kuadrilarekin afaltzen zegoenean baizik". Joan den ostegunean izan zen hori. Hortaz, "sei egun daramatza gatibu".

Davidi, Hanburgon atxiloturiko gainontzeko kideei moduan, salbuespen legedia ezarri diote, "honek dakarren guztiarekin". Atxilotu eta 16 ordura komisaldegitik epaile baten aurrera eraman zuten "bistilla bat egitera berarekin konfiantzazko abokatua egotea onartu ez ziotelarik, abokatuak berak bere burua Daviden abokatu bezala aurkeztu arren". 

Egun, David eta Hanburgon atxiloturiko gainontzeko kideak "ziurgabetasun eta babes juridikorik gabeko egoera kafkiano baten aurrean" aurkitzen dira. "Alemaniar estatuaren gatibu izanik, babesgabetasuna da haien egoera juridikoaren adierazle nagusiena". Abokatuak astelehenen eta asteartean zehar David askatzeko prozedura desberdinak zabaldu dituen arren, prozedura horiei begirako erabakia hartzeko epaileak 15 eguneko tartea dauka, "jakin badakigun arren, instrukzio epea bere nahi eta borondatearen arabera nahi beste luzatu dezakela".

Gaur da eguna non abokatuak ez dakien zer den Davidi leporatzen diotena. Astelehenean epaileari galdera egin arren, oraindik senide eta lagunek ez dakite zer leporatzen dioten, beraz, "ziurgabetaun egoera horren ondorioz, balizko defentsa juridiko eraginkorra prestatzeko informaziorik ez du abokatuak".

Azkeneko bi egunetan David espetxe batetik bestera birritan lekualdatu dute. Bere hurbileko kideek ez dakite egun dagoen espetxean mantenduko duten edo besteren batera eramango duten. Guzti hau, abokatuak berarekin egoteko eta balizko defentsaren prestaketari begirako "oztopoa" da. Espetxe aldaketak direla eta, Davidek bere senideen bista gabe eta espetxealdirako behar dituen oinarrizko bitartekorik gabe jarraitzen du.

"Erabat kezkagarria eta bidegabea da" Daviden egoera. Abokatuaren esanetan, aukera desberdinen aurrean aurkitzen da. Bat, David egun hauetan zehar askatzea. Bi, abokatuak instantzia jarri eta 15 egun horien bueltan epaiketa burutzea. Hiru, atxiloaldiaren denbora luzatzea eta epaiketa azkarra burutzea eta azkenik, epaiketa burutu ostean espetxe zigorra ezartzea.

G20aren aurkako herri ekimenak 'auzobira' antolatu du ostegunean, hilak 13, Sarrikon 19:30ean eta elkarretaratzea ostiralean, hilak 14, David askatu! lelopean Etxebarrieta Anaien plazan, 20:00etan. 

 

G20aren aurkako herri ekimenaren irakurketa

Bilbotik, lehenik eta behin, Alemaniak salbuespen legedia indarrean ezartzearen ondorioz, poliziaren inpunitate eta harturiko jokabide oldarkor errepresibo hori ozen salatu nahi dugu. Poliziaren inpunitatea eta Hanburgon burutu diren manifestazio desberdinen aurreko jokabidea neurrigabeak eta lekuz kanpokoak, Alemanian batu diren munduko boteretsuak babesteko neurri sorta neurrigabea dela deritzogu. Bestetik, gure babes politiko eta elkartasun internazionalista bai Davidi zein berarekin batera gatibu dauden kideei.

Hanburgon batu ziren lagun desberdinek, oligarkia finantziero eta merkatuen diktadura sustengatzen duten munduko potentzia ekonomiko diren herrialdeen jokabide salatu eta egun mundu mailan zabalduriko oldarraldi neoliberala indargabetu eta herri zein langile klasearen aurka behine ta berriz harturiko erabaki politikoen aurkako ahotsa bisibilizatu nahi zuten.

Milaka gara, bizi gaituen eta gure bizitzak miseria eta esklabutzara kondenatzen gaituen sistema neoliberal heteropatriarkal honen aurka egunez egun, munduko txoko desberdinetatik militantziaren konpromisoa hartu dugunok. Hanburgokoa, herri herriz artikulatzen diharduen mugimenduaren prasmazio praktiko bat besterik izan ez zelarik.

Bukatzeko, argi dugu, demokraziaren izenean ezkutatzen diren erabaki politiko neoliberalei aurre egin eta mundu berri baten eraikuntzarako zilegitasun osoa edukitzeaz gain ezinbestekoa dela, egunez egun hortzak estutu eta ukabila tinko itxirik borrokari ekitea. Hilik nahi gaituztenen aurrean, tinko eta borrokarako determinazioz erantzungo diegu.

[2017-07-10] Hanburgon atxilotutako San Inazioko David Rincon gaztearen askatasuna eskatuko dute