Arrakalaren desalojoa salatzeko manifestazioa deitu du AZETek ostiralean

Nerea Cubillo Urkizu 2021ko urr. 4a, 11:51

Gaur hasiko da Arrakalaren aurkako prozesu judiziala. Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak espazio honen desalojoa salatzeko hainbat deialdi zabaldu ditu aste honetan, ostiralean arratsaldeko 18:30ean Unamuno plazatik abiatuko den mobilizazioa tarte.

AZET etxebizitza sindikatuaren egoitza soziala izateko, ASETU Herri Biltegiko produktuak gordetzeko eta larrialdi egoera batean etxebizitza bezala erabiltzeko okupatu zuen sindikatuak Arrakala martxoan. Espazioa Unamuno plazan zegoen eta “15 urtez hutsik egon eta gero hilabetez okupatuta egon arren, beste 15 urte hutsik egondako espazioa da”

40 egun iraun zuen Arrakalak "bizirik", maiatzaren 11n goizeko ordu txikitan poliziak desalojatu zuen arte. Udaltzainek "atea bota eta txanda egiten ari ziren kideak identifikatu zituzten" adierazi dutenaren arabera.

Desalojoa gauzatzeko era "ez arrunta" salatzeaz gain, Arrakalaren jarduna mantendu bitartean "espazioko kideek pairatutako polizia jazarpena" ere salatu dute: "auzolanetara gerturatu ziren hainbat kide identifikatu zituzten, argazkiak atera eta bideoak grabatu zituzten". Hori dela eta, Arrakala desalojatzeko helburua "AZET sindikatuaren jarduera politikoa kolpatzea" izan dela mahaigaineratu dute. 

Arrakala beharrezkoa dela defendatu dute gaurko agerraldian, izan ere, "krisi sanitario eta ekonomiko honen erdian gure auzokideon behar materialei erantzuteko tresnak garatu eta honetarako espazioak birjabetzea ezinbesbestekoa delako".  

Ostiral honetan kalera irtetzeko deialdia zabaldu du Alde Zaharreko Etxebizitza taldeak, "errepresioaren aurrean auzodefentsa eta klase elkartasuna" lelopean. Manifestazioa arratsaldeko 18:30ean abiatuko da Unamuno plazatik. 

 

Ostiralean prozesu judizialaren berri eman genuen URIOLAN: Astelehenean hasiko da Arrakalaren aurkako prozesu judiziala.  

Ekainean AZETeko kideak elkarrizketatu genituen URIOLAN: "Etxebizitza arazoak emakume eta migratu aurpegia du"