Elkarretaratzea Begoñako igogailuaren itxieraren aurka

Gure Etxea elkartea 2014ko uzt. 3a, 09:04

Begoñako igogailua "publikoa eta doakoa" izatea eskatzeko elkarretaratzea deitu dute auzokideek gaur arratsaldean, Mallonan. Igogailua kudeatzen duen enpresak garraiobidearen itxiera uztailaren 8an finkatu du.

Joan den otsailean lehenengoz eta hile honetako erdialdean gero. Begoñako igogailuak orain baino lehen bi itxiera data izan ditu. Hirugarren bat gehitu behar zaio atzodanik. Oraingo honetan Ascensores de Begoña S.A. enpresako burua izan da bai langileei bai erabiltzaileei ohar bidez uztailaren 8ko itxiera data jakinarazi diena.

Sinadurak

Ekainaren erdialderako iragarritako itxiera ekidin asmoz, 2.873 sinadura eraman dituzte igogailuko bidaiariek -Begoñaldeko eta Alde Zaharreko auzotarrenak batik bat- Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzara. Begoñako igogailuak "zerbitzu handia" ematen duela argudiatzen dute eta, era berean, bere jabetza Udalak beregain hartu beharko lukeela defendatzen dute.

Eusko Jaurlaritzara ez ezik Udalera ere eraman dituzte auzotarrek igogailuaren itxieraren aurka sinatu duten 2.873 lagunen babesa. Ez hori bakarrik, Udalari igogailuaren jabetza beregain hartzeko eskatzen diote, beste igogailu batzuen jabetza duen bezala, eta doako zerbitzua ezartzeko.

Eusko Jaurlaritza da igogailuaren jabe eta Ascensores a Begoña S.A enpresa, kontzesio bitartez, igogailuaren kudeatzaile. Enpresa horrek hiru hileko soldata zor die plantilan dauzkan bost langileri. 2.873 sinatzaileek babestu duten dokumentuak eskatzen duenez, bost langile horiei "udal igogailuetan lana eman behar zaie".

Administrazioek "utzita" dute igogailua auzotar kritikoen esanetan, eta hala ere 1949an martxan jarritako garraiobideak "zabalik jarraitzen du". Begoñako elizak bezalaxe, igogailuak ere turismo ibilbideetan agertu beharko lukeela proposatzen dute auzotarrek.

Gure Etxea elkartea: Esperantzako igogailua Etxebarriarantz

Alde Zaharretik Zurbaran eta Uribarri auzoetara irisgarritasuna errazten duen ezinbesteko tresna da Esperantzako igogailua. Zerbitzu handia eskaintzen urte asko eman ostean, kudeatu duen enpresaren lan txarrak, langileei soldata ez ordaintzeak eta egituraren eta tresneriaren aztertzeko beharrak bere jarraipena kolokan jarri du.

Gure Etxea auzo elkarteak Eusko Jaurlaritzari, igogailuko jabe gisa, eskatzen dio: igogailuaren jarraipena bermatzeko, bere kudeaketa Bilboko Udalaren esku uzteko eta Bilboko gainontzeko igogailuetan bezala doakotasun erregimena ezartzeko.

Zalantza egun gehiagorik ez, kudeaketa publikoa, langileei soldaten ordainketa eta egituraren eta tresneria mugikorren erabateko azterketa.

 

Uribarriko Gure Etxea auzo elkartea

[2014/06/16] Bidaiarien sinadurak Begoñako igogailuaren itxiera galerazteko

[2014/05/20] Ekainaren erdialdean Begoñako igogailua ixtea erabaki du jabeak

[2014/02/27] Begoñako igogailuaren etorkizunarekiko konpromiso eza EAJren aldetik

[2014/02/20] Akordiorik ezean, Begoñako igogailuak gaur etengo du zerbitzua

[2014/01/31] Begoñako Igogailuaren jabegoa Bilboko Udalari lagatzeko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

[2013/11/08] Inkesta: Zer deritzozu Begoñako igogailuaren balizko itxierari?