Herritarren babesa jaso du Begoñako igogailua ez ixteko eskaerak

uriola.eus 2014ko uzt. 4a, 09:45
Lehenengo aldiz elkarretaratzea burutu dute Begoñadeko auzotarrek eta igogailuaren erabiltzaileek uztailaren 8ko itxiera salatu eta garraiobide "publiko eta doakoa" eskatzeko.

 

Atzo arratsaldean Mallonan elkartu ziren 250 lagunentzat Begoñako igogailuak "zerbitzu handia" ematen die bilbotarrei. Egunero 1.100 erabiltzaile ditu eta data seinalatuetan, "jendetza garraiatzen du". Esaterako, Aste Nagusian. Baita "beste hainbat gertakizunetan ere". Horregatik Gure Etxea auzo elkartea, Mallona Berria Kultur Elkartea eta Begoñako Auzoa Plataformak deitutako lehen elkarretaratzearen mezu nagusia "igogailua ez itxi" zen. Eskari nagusia hori duten arren, gehiago ere eskatzen dute; igogailuaren jabetza Udalaren esku gera dadila, eta Udalak zerbitzu "publikoa eta doakoa" ezar dezala, hain zuzen ere.

Hiru elkarteek igogailuaren itxieraren aurka 2.873 sindura batu zituzten eta bai Eusko Jaurlaritzan bai Udalean entregatu zituzten. Sinaduren babesak "indarra" eman diela azaldu dute, "mobilizazioekin jarraitzeko azkenera arte". Harrezkero, erakundeen eta igogailua kudeatzen duten enpresaren erantzunak ez ditu asetu. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzari -igogailuaren jabeari- "hitzik ez ateratzea" leporatu diote eta Bilboko Udalari "hiritarrei bizkar ematea".

Udala eta Jaurlaritzaren arteko elkarrizketa

Begoñaldeko hiru auzo elkarteek Udalaren jakinarazpen ofizialik ez dute jaso, baina bai "ez ofiziala", elkarretaratzea baino bi ordu lehenago. Telebilbao katearen bitartez jakin zuten Udala eta Eusko Jaurlaritza harremanetan daudela Begoñako igogailuaren balizko itxiera dela eta -enpresak uztailaren 8an finkatu du itxiera-. Asier Abaunza Garraio zinegotziak Telebilbaori aipatu dionez igogailua Bilbo hiriko "ikonoetako bat da" eta, behin behinean itxi badaiteke ere, behin betiko itxi ez dadin "inplikatuko da" Udala. Auzo elkarteek ondo hartu dituzte hitz horiek, baina ofizialtasuna eskatu diete udal ordezkariei: "Abaunzak gure telefono eta helbidea du albistea ziurtatzeko".

Garraio zinegotziaren lasaitasun mezua

Ascensores de Begoña SA enpresak beste 30 urtez indarrean izango du igogailuaren kontzesioa, eta uztailaren 8an zerbitzua eteten badu, "alde bakarreko erabakia hartuko du", Asier Abaunza Garraio zinegotziak gaur Deia egunkariari adierazi dionez. Horrek isun expedientearen zabaltzea eta kontzesioaren etenaldia ekar lekioke enpresari. Igogailua itxiz gero, Jaurlaritzak kontzesioa berreskuratu bitartean, Begoña eta Alde Zaharraren arteko auzotarren konexioa bermatzeko "modua" aurkituko dutela esan du Abaunzak eta, aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila "prest dago itxieraren osterako".

"Xantaia" gisa izendatu gu Abaunzak kontzesiodun enpresaren jarrera. Iñigo Aranguren administrariak "milioi erdi eskatu dio Eusko Jaurlaritzari kontzesioa uztegatik, bere aburuz ez baita errentagarria". "Xantaiari men egin gabe", Udala eta Jaurlaritza elkarrizketa bidea zabalik mantentzearen alde agertu dira.

EH Bilduk, Ezker Anitzak eta PSEk Udal Gobernuari igogailuaren itxieran "esku-hartzeko" eskatu diote.

Ez da igogailuaren itxiera iragartzen den lehen aldia. Izatez, otsailaren 20an ixtekoa zen, baina Ascensores de Begoña SA enpresako arduradunek eta Eusko Jaurlaritzako Garraio saileko ordezkariek negoziatzeko epemuga luzatzea erabaki zuten. Negoziaketek, baina, ez zuten aurrera egin eta Iñigo Aranguren igogailuaren administrari nagusiak negozioaren "galerak" eta "bideragarritasun falta" argudiatuta, "atzera bueltarik gabeko" itxiera iragarri zuen uztailaren 8rako -hurrengo asteartea-. Arangurenek ohar bidez salatu zuen Eusko Jaurlaritza bere kontrako "jazarpen kanpaina" zuzentzeagatik eta Udala "itxiera kanpaina" sustatzeagatik.

Langileak "txarto" daude. "Irtenbide txarrena" da itxierarena; "horren beldur ginen", diote. Azken lau hileko soldata eta ekaineko aparteko ordainsaria zor die enpresak eta, gainera, "lanik gabe geratuko gara". Etorkizunak kezkatzen ditu, Begoñakoak Arangoitiko igogailuaren bide bera jarraituko duen tematuta daude: "Epaiketetan sartuta eta igogailua hiru urtez itxita".

 

[2014/07/03] Elkarretaratzea Begoñako igogailuaren itxieraren aurka

[2014/06/16] Bidaiarien sinadurak Begoñako igogailuaren itxiera galerazteko

[2014/05/20] Ekainaren erdialdean Begoñako igogailua ixtea erabaki du jabeak

[2014/02/27] Begoñako igogailuaren etorkizunarekiko konpromiso eza EAJren aldetik

[2014/02/20] Akordiorik ezean, Begoñako igogailuak gaur etengo du zerbitzua

[2014/01/31] Begoñako Igogailuaren jabegoa Bilboko Udalari lagatzeko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

[2013/11/08] Inkesta: Zer deritzozu Begoñako igogailuaren balizko itxierari?