uriola.eus

Begoñako igogailuaren itxiera

 Begoñaldea
Joan den otsailaren 20an lehenengo eta uztailaren 8an gero. Begoñako igogailuak bi itxiera data izan ditu. Oraingo honetan Ascensores de Begoña S.A. enpresako burua izan da bai langileei bai erabiltzaileei ohar bidez gaurko itxiera data jakinarazi diena. 23:00etan zerbitzua etengo dute.

Jose Mari haserre dago “lau hile eta aparteko ordainsaria zor digutelako”. Igogailuetako bat hondatuta dago eta administrariak “ez du ezer konpondu nahi”. Bere ustez, gerta daitekeenaren “seinale” da. Pedroren iritziz, igogailua behin behinean ixtea gerta daiteke, oraingo honetan “egiazkoagoa ematen du”, baina “ez behin betiko”. Baikorra izan nahi du zentzu horretan, “ez dugu beste irtenbiderik”, dio. Eta Migel Anjelek igogailua itxiz gero, “irtenbidea bizkorrago emango diotela” pentsatzen du. Erabiltzaileen “presioa” handituko delako.

30 urte daramatza igogailuetan behargin Migel Anjelek. Beste horrenbeste Albertok. 14na Pedrok eta Jose Marik eta gazteenak, Alexek, bi. Igogailuko lanak “ez du beste lanbideekin zerikusirik”, diote. Leku txikian ordu asko emateko psikologikoki “gogorra” izan behar da. “Kosta egiten da egokitzea”, eta askok ez dute jasaten. Gustuko dute lana, jakin badakiten arren “desagertzen ari den lanbidea” dela beraiena, eta defendatzeko prest daude. “Ez da gora eta behera egitea edota kobratzea soilik”, Jose Mariren esanetan, “askoz gehiago da”. Doakoa balitz eta langile gabekoa, “segurtasun arazo larriak leudeke”. Bai Esperantza kalean bai Mallonan igogailuko langileek inguruko segurtasuna bermatzen dutela uste dute: “Metroko igogailu inguruan istilu larriak izan dira, baina gure inguruan inoiz ez. Jendeak badaki hemen ez dela arazorik izaten”.

Ez du bezerorik falta 1949an martxan jarritako garraiobideak. Pedroren arabera, “hainbeste urtetan iraun badu zerbaitegatik izango da”. Egun arruntetan 1.000 erabiltzaile izan ditzake, asteburutan gehiago, zer esanik ez, Aste Nagusian eta abuztuaren 15ean.  Egun “berezietan” 3.000 erabiltzaile eguneko. Adinekoak, txakurrak eta euren jabeak, langileak, bizikleta edota karroa daramatenak, Mallonako futbolariak… erabiltzaile profil zabala du igogailuak. “Metroa egin zutenetik badirudi metroa ez beste garraiobiderik ez dela erabiltzen, baina ez da horrela”, dio Haserre Pedrok.

Igogailuaren itxierak “kaltetuko” dituenetako bat da Jose Migel. Posta banatzailea da eta igogailua lan orduetan erabiltzen du. Aurrerantzean bikoitza ordaindu beharko du metroko igogailuan. Jesusi ere eragingo neurriak, berak ere “nahiago” du Begoñako igogailua metrokoa baino. Eta Anastasiok ezingo du bost kilo baino gehiago dituen bere txakurra metroko igogailuan sartu, sarrera debekatuta baitute. “Hondoratu egingo naute”, diosku. Adineko gizonak ezingo du bere txakurra Etxebarria parkera eraman egunero egiten duen moduan.

Gorabeherak

Berritze lanak behar ditu Begoñako igogailuak. Auzotar askok salatu dutenez instalazioak “utzita” daude. Egituraren egoera kaskarra publiko egin zen igogailuko fatxadako elementuetako bat askatu eta altuera handitik Esperantza kalera jaustean. Orduan, Surbisak konponketak egiteko agindu zion Ascensores de Begoña S.A. enpresari.

Izen eta IFK desberdina duten enpresak diren arren, bai Begoñako bai Solokoetxeko igogailuen atzean administrari bera dago, Iñigo Aranguren. Solokoetxekoak erabiltzaile gehiago ditu Begoñakoak baino eta, teilatuan telefonia mugikorreko hiru antena dituenez, operadoreengandik ere jasotzen du dirua. Pedro Solokoetxeko igogailuan lan egindakoa da, Begoñakoan baino lehen, eta bere hitzetan “ez da harritzekoa” batak bestearen bidea jarraitzea. “Lehen Solokoetxen garaiz kobratzen zuten langileek, eta azkenaldian ez”, diosku.

Begoñako igogailuaren jabe Eusko Jaurlaritza da eta Ascensores a Begoña S.A enpresa, kontzesio bitartez, igogailuaren kudeatzaile eta lursailaren jabe. Auzitan daude –txartelaren prezio igoeragatik -, eta aldi berean negoziatzen. Eztabaida horretan harrapatuta daude lau langile. Alberto, Migel Anjel, Pedro, Jose Mari eta Alex. Joan den urteko irailetik “ezbaian” euren lan egoera dela eta. Otsailaren 19an kaleratze karta eskuan zuten, eta epea agortu baino “hiru ordu lehenago” jakinarazi zien enpresak lanean jarraituko zutela. Oraingoan ere, azken unera arte itxaron beharko dute.

Erabiltzaile eta auzotarren babesa

Iragarritako itxiera ekidin asmoz, 2.873 sinadura eraman dituzte igogailuko bidaiariek -Begoñaldeko eta Alde Zaharreko auzotarrenak batik bat- Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzara. Begoñako igogailuak “zerbitzu handia” ematen duela argudiatzen dute eta, era berean, bere jabetza Udalak beregain hartu beharko lukeela defendatzen dute. Ez hori bakarrik, Udalari doako zerbitzua ezartzeko eta lau langileak birkokatzeko ere eskatu diote.

Enpresa txikia eta langile gutxi izanik “asko” eskertzen dute erabiltzaile eta auzotarrengandik jaso duten babesa lau langileek. “Izugarri balio du”. Izan ere, erabiltzaileen artean ezagunak eta lagunak ere badauzkate. Baina ezezagunen hurbiltasuna jasotzeak harritu ditu gehien. “Espero ez genuena”.

Aurrera begira, igogailua ixten bada eta lan gabe geratzen badira bestelako lana izango dute. “Orduan hasi beharko dugu benetan mugitzen”. Izapideak izango dituzte egiteko, zorrak argitzeko. Hori irailetik aurrera izango dela pentsatzen dute. Eta lan bila hasi beharko dute. Aho batez diote: “Hemen bezain gustura lan egiteko lekua aurkitzea ez da erraza izango”.

 

[2014/07/04] Herritarren babesa jaso du Begoñako igogailua ez ixteko eskaerak

[2014/07/03] Elkarretaratzea Begoñako igogailuaren itxieraren aurka

[2014/06/16] Bidaiarien sinadurak Begoñako igogailuaren itxiera galerazteko

[2014/05/20] Ekainaren erdialdean Begoñako igogailua ixtea erabaki du jabeak

[2014/02/27] Begoñako igogailuaren etorkizunarekiko konpromiso eza EAJren aldetik

[2014/02/20] Akordiorik ezean, Begoñako igogailuak gaur etengo du zerbitzua

[2014/01/31] Begoñako Igogailuaren jabegoa Bilboko Udalari lagatzeko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

[2013/11/08] Inkesta: Zer deritzozu Begoñako igogailuaren balizko itxierari?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa