Begoñako igogailuko ateak itxita

uriola.eus 2014ko uzt. 9a, 10:21
Argazki historikoak dira hauek. 1949tik martxan zen Begoñako igogailuaren ateak atzo 23:00etan itxi ziren eta ez dira zabalduko Eusko Jaurlaritza -igogailuaren jabea- eta Ascensores de Begoña SA -kontzesioaren kudeatzailea- akordioren batera iritsi arte edota Justiziak ebazpenen bat eman arte.

Ez da ohikoa ez Mallona aldean ez Esperantza kalean gaur goizean dagoen giroa. Begoñako igogailuko ateak itxita daude eta garraiobidearen erabiltzaileek metroz, autobusez eta oinez moldatu behar izan dute.

Ascensores de Begoña SA enpresako administrariak uztailaren 8an zerbitzua etengo zuela iragarri zuen eta horrela izan da. Lau langileek gaur dute lanik gabeko lehen eguna. Lau hileko soldata eta aparteko ordainsaria jasotzeke dute. Administrazioarengandik "ez dugu ezer ere espero" adierazi zion Migel Anjel behargin beteranoak URIOLAri atzo. Igogailuak itxita "denbora nahiko" emango du bere iritziz, "guzti hau prozesu judizialean bukatuko da" zioen, "Arangoitiko igogailuarekin gertatu bezala, eta horrek luze jotzen du".

EH Bildu: "EAJ da Begoñako igogailuaren itxieraren erantzule"

EH Bilduko udal taldearen aburuz, EAJk gobernatzen dituen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila zein Bilboko Udaletxeko Zirkulazio eta Garraio Saila dira Begoñako igogailuaren itxieraren erantzuleak, "itxiera saihesteko egin zezaketen guztia egin ez dutelako".

Helena Gartzia zinegotziak utzikeriaz jokatu izana leporatu dio EAJri, igogailua irekita mantentzeko bide guztiak aztertzeari uko egin diolako. "EH Bilduk eta igogailuaren erabiltzaileek eskatzen genuen udaletxeak har zezan bere gain igogailua kudeatzeko zerbitzua, eta EAJk hasieratik egin dio uko aukera hori aztertzeari ere", salatu du.

Zinegotziaren aburuz, igogailuaren itxiera EAJren ardura da, "igogailua bere ardurapean hartzearen ukoan tematu delako, bilbotarron interesak defendatzeari ere uko eginez bide batez".

PPk Oregiren agerraldia eskatu du

Atzo, asteartea, PP alderdiak Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren agerraldia eskatu zuen Gasteizko Legebiltzarrean, "milaka auzotar kalteturi eta langileen egoerari Eusko Jaurlaritzak emango dion irtenbidea ezagutzeko".

EH Bildu, Ezker Anitza eta PSEek bezalaxe, igogailuaren jabetza Udalaren eskutara pasa behar dela uste du PPk ere. Funicular de Artxanda udal erakundeak 15 igogailu kudeatzen ditu Bilbo hirian zehar, eta popularren proposamena da Begoñako igogailuko lau langileak bere nominapera pasa daitezela.

 

[2014/07/08] Begoñako igogailuaren itxiera

[2014/07/04] Herritarren babesa jaso du Begoñako igogailua ez ixteko eskaerak

[2014/07/03] Elkarretaratzea Begoñako igogailuaren itxieraren aurka

[2014/06/16] Bidaiarien sinadurak Begoñako igogailuaren itxiera galerazteko

[2014/05/20] Ekainaren erdialdean Begoñako igogailua ixtea erabaki du jabeak

[2014/02/27] Begoñako igogailuaren etorkizunarekiko konpromiso eza EAJren aldetik

[2014/02/20] Akordiorik ezean, Begoñako igogailuak gaur etengo du zerbitzua

[2014/01/31] Begoñako Igogailuaren jabegoa Bilboko Udalari lagatzeko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

[2013/11/08] Inkesta: Zer deritzozu Begoñako igogailuaren balizko itxierari?