Begoñako Argia proiektuaren baitan egin dute aurkikuntza, baina aurrez ez zeukaten hobi komunaren berri, dokumentuetan ez baitzen halakorik ageri.
Lau zatitan banatuta dago hobia. Lehenenengo bietan bina gorputz zeuden, hirugarrenean 17, eta, azkenik, laugarrenean 25. Gorpuzkiekin batera hainbat objektu aurkitu dituzte Aranzadikoek, hala nola txapak, txanponak, munizioa… Horiei esker jakin ahal izan dute hildakoetatik 42 milizianoak edo gudariak zirela, ziurrenik. Bada, hobiaren lehenengo bi zatietako lau hildakoak ahoz gora aurkitu dituzte, eta gutxienez batek exekutatua izanaren zantzuak zituen, bala zuloa baitzeukan garezurrean, eta eskuak bizkarrean lotuta. Lanetan jardun duten adituek azaldu dutenez, uste dute horietako bi, gutxienez, frankisten bandokoak zirela, errepublikazaleek exekutatuak Artxandako frontea erori baino egun batzuk lehenago.
Begoñako hilerrian gerra garaiko hildakoen hainbat deshobiratze egin dituzte dagoeneko, hilerriko erregistroan nahiz Gogora Institutuak kudeatzen duen EAEko hildakoen datu basea oinarri hartuta. Hala, orain arte guztira 76 gorpu aurkitu dituzte, tartean fronteko soldaduak, bonbardaketen biktimak nahiz exekutatutako zenbait pertsona. Azken aurkikuntza hau, hobi komunik handienarena, hilerriko Santa Teresa gunean egin dute, otsailean Karlistaden garaiko hobia aurkitu zuten eremutik hurbil.
Aipatu bezala, deshobiratze lanetan jarraitzen dute adituek, eta Gogora institutuak ADN probak egingo dizkie, senideenekin alderatzeko asmoz.
Goizean aurkeztu dute aurkikuntza udaletxean (Argazkia: Bilboko Udala)