Bilbo Zaharreko auzokide baten etxegabetze arriskua salatzeko manifestazioa deitu du AZET sindikatuak

uriola.eus 2021ko urt. 11a, 10:41

AZET Etxebizitza Sindikatuak haurdun dagoen 24 urteko emakume baten etxegabetze arriskua salatzeko manifestazioa deitu du urtarrilaren 15ean, Mariaren Bihotza plazan, arratsaldeko 19:00etan. 

Etxegabetze arriskuan dago Judith, zortzi hilabete eta erdiz haurdun dagoen 24 urteko emakumea. Martxoko itxialdi bete-betean, lan eta diru sarrerarik gabe geratu eta alokairua ordaindu ezinik, kale gorrian geratu zen. Azken hilabeteetan, hutsik zegoen Udal Etxebizitza batean bizi da.

Orain, AZET Etxebizitza sindikatuaren arabera, Judith Udal Etxebizitzatik kaleratua izateko arriskuan dago, izan ere, duela bi aste etxegabetzeen aurkako dekretua atera arren, sindikatuak ez du kaleratzea bertan behera geratuko denaren inolako bermerik "dekretuak ez baitu espreski jabetza publikoaz hitz egiten".

Duela aste batzuk jakinarazi zioten etxetik kaleratuko zutela, "Gutun bat jaso zuen; etxegabetze-express prozedura hasi zela jakinarazteko. Prozedura honen bitartez 10 egunetan gauzatu daiteke etxe kaleratzea. Beste etxegabetze bat, pandemian eta aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko baten erdian". 

Auzokidearen egoera "irmoki salatzeko arduradunak zuzenean seinalatuz" eta aldi berean "urte berriarekin datorren miseria zaharra" salatzeko manifestazioa egingo dute urtarrilaren 15ean, ostirala, arratsaldeko 19:00etan Mariaren Bihotza plazatik abiatuta.

Horrekin batera, Judithena kasu isolatua ez dela, ere azpimarratu nahi izan dute sindikatutik, "Judithena ez da kasu isolatua, ezta kasuala. Kasualitatea ez den bezala Judith langile klasekoa izateaz gain emakume gaztea izatea, ama bakarra izango dena. Gainera, Judithen kasutik haratago, sindikatuan eta auzoan antzeko egoeran dauden hainbat emakume daude, Udal Etxebizitzekin ere gatazkan daudenak: kaleratuak izango diren kideak, baldintza penagarrietan bizi direnak, edo etxebizitza bat izateko eskubidea bai, baina ematen ez dietenak". 

 

Judithen etxegabetzeari buruz AZET Etxebizitza sindikatuak egindako kronika eta analisia irakurri nahi izanez gero, sakatu hemen