Kartoizko musikaren erritmoan

Maite Txintxurreta 2021ko abe. 7a, 13:48

Eguneroko material berrerabiliak ditu oinarri San Frantzisko inguruan sortzen dabilen musika banda bitxiak. Luzatu Gau Irekia programaren baitan eta Txaranga Urretabizkaiaren proposamenari jarraikiz, garai batean itsasadarraren ertzetan kalera atera ohi ziren kartoi banda haien oinordekoari forma ematen ari dira azken asteotan auzoko udaltegian.

Egitasmo zabala eta anitza da kartoi bandarena, eta partaideen artean ere ezaugarri horiek islatzen dira. Izan ere, adin guztietako jendea batu da, ume nahiz heldu, gazte zein nagusi. Eta, horrez gain, musika arloan esperientzia izatea ere ez da muga izan. Hala, badaude sekula ere musika ikasketarik jaso ez dutenak, luzaroan jo izan dutenak… denetarik. Sei asteko tailerra da, eta azken saioa aste honetan izango da. Izan ere, larunbat honetan, abenduak 11, Gau Irekiaren baitan jendaurreko emanaldia eskainiko dute Mariaren Bihotza plazan, 18:30ean. Antzinako kartoi banden antzera, jantziren bat ere prestatu nahi dute egun horretarako, “talde itxura” emango diena.

Txaranga Urretabizkaiaren proposamenean du jatorria egitasmoak. Txaranga hori duela bost urte sortutako proiektua da, musika ulertzeko molde konbentzionaletik ihes egiten duena, esperimentazioa eta taldeko jarduna oinarri. Hala azaldu du Jon Mantxik, egitasmoaren sortzaile eta kideetako batek: “Gure funtzionatzeko modua honelakoa izan ohi da: norbaitek gauza bat esaten du, askotan txantxa modura, eta, maiz, proposamen horiek aurrera eraman eta gauzatu egiten ditugu”. Gaineratu duenez, jo ohi dituzten piezak “instrumentu batekin bi doinu ateratzeko gai den edonork” interpretatzeko modukoak dira. Bada, jardun hori jendearengana zabaldu nahi izan dute, kartoi banda baten formatuan.

Elkarlana da funtsa

Proiektu honetan, baina, Txaranga Urretabizkaiako kideak ez dabiltza edukiak azaltzen edo irakasle lanetan. Izan ere, beraientzako ere kontu berria da hau, eta kartoia eta eguneroko materialak (plastikozko tutuak, inbutuak…) erabilita instrumentuak ezerezetik sortzetik hasi eta banda gisa emanaldi bat prestatzerainoko prozesu guztia prestatzen dihardute parte-hartzaile guztien artean. “Ez gara luthierrak, eta ez daukagu esperientziarik instrumentuak sortzen, eta guretzat ere erronka izan da. Orduan, ahal izan duguna egin dugu. Batzuetan internetetik hartu ditugu ideiak, beste batzuetan, geneukan materialarekin probak eginez joan gara, batek egin duena gustatu bazaigu elkarri kopiatu diogu… Eta, ondoren, instrumentu horiek zer nolako soinuak egiteko gai ziren probatu dugu”, azaldu du Mantxik. Hala, azken saioan piezak prestatzeko lanetan hasi ziren jada.

Aitortu dute egin dituzten instrumentuak “prekario samarrak” direla oro har, eta batzuekin doinu bakarra edo pare bat soilik jo daitekeela, baina, bestalde, oro har tinbre nahiko ezberdinak lortu dituzte, eta horrek eskaintzen dizkieten aukerak baliatuko dituzte, konposizioak horren arabera moldatuta. Eskura dituzten baliabideekin ahalik eta emanaldirik osatuena eta dibertigarriena prestatuko dute, hortaz. Kartoi bandaren ibilbidea larunbatetik aurrera luzatuko ote den galdetuta, gauzak nola datozen ikusiko dutela dio Mantxik, baina ate hori irekita daukate.

Partiturak/s liburua

Txaranga Urretabizkaiak, gainera, liburua argitaratu du berriki, Partiturak/s izenekoa, Popurrit argitaletxearen eskutik. Durangoko Azokan daukate salgai egunotan, eta asteburuan aurkezpen ekitaldia egin dute.

Musika sortzeko era libre hori jendeari zabaltzeko asmoari jarraitzen dio pandemia garaian sortu duten argitalpen honek ere. Orain arte erabili dituzten testu partiturak bildu dituzte, eta hor ikus daitezke, nolabait ere, txarangaren “tripak” eta sortzeko orduan darabilten funtzionamendua; “Hau da, gero kontzertuetan ikusten dena nondik datorren, ze jarraibide edo pauta erabiltzen ditugun”, azaldu du Jon Mantxik.

Hala, bizi-bizi dago txaranga, ez baitira gutxi azkenaldian esku artean dituzten egitasmoak. Emanaldiei dagokienez, atzeratu egin behar izan dituzten emanaldi pare bat urte hasieran egingo dituztela eman dute aditzera.