Azaroaren 25ean, hau da, joan den ostiralean, gertatu zen etxegabetzea San Frantzisko kaleko 18. zenbakian. Bada, hurrengo egunean presazko agerraldia egin zuen Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak, eta, besteak beste, salatu zuten legez kanpoko kaleratzea izan zela. Etxea Blackstone funts putrearen jabetzakoa da, eta Bilboko Udaltzaingoa izan zen bertan bizi zen auzokidea etxetik atera zuena. Poliziaren jarduketa horretan agenteek "matoi" gisa jokatu zutela adierazi du AZETek, eta arrazakeria salatu dute: "Argi dugu esku-hartze terrorista hau Bilboko Udalak aurrera daraman pobreen aurkako gerraren baitan kokatzen dela, eta zehazki, egoera zaurgarrienean aurkitzen diren horien aurkako gerraren baitan, gazte migratzaileen aurkako gerran, zehazki. Atzoko desalojoa klase arteko gerraren baitako ekintza baita, baina ez hori bakarrik: arrazakeria instituzional eta supremazismo polizial ekintza ere bada. Parean pertsona arabiar bat aurkitu izan ez balute, ez lukete hainbesteko segurtasunez eta zigorgabetasunez jardungo, hori oso argi dugu".
San Frantzisko auzoan funts putreak eta espekulatzaileak ugaritzen dihadutela salatu izan du lehenago ere AZET Etxebizitza Sindikatuak. Ondorioz, etxebizitzaren arazoa "infernu" bilakatzen ari omen da han bizi direnentzat. Hain zuzen ere, nabarmendu dute azken hilabeteetan zehar gutxienez hiru etxegabetze gauzatu direla inguru horretan.
Sindikatuko kideek Ekintza Sozialeko bi kargurekin biltzea lortu dute! β
— AZET Etxebizitza Sindikatua (@AzTaldea) November 30, 2022
Momentu honetan ilegalki etxegabetutako kidearentzako alternatiba negoziatzen dabiltza.@bilbao_udala erantzuna orain!
ππ€ππ§ππ€π£ π π€π£π©π§ππ π€ πππ§π§π πππ‘πππ©πͺ! pic.twitter.com/5RKP8v2Lx7
Bada, Blackstone bezalako funts putreak erantzule zuzentzat jotzen dituzte, baina baita Bilboko Udala ere. Udaltzainak bidali eta inolako agindu judizialik gabe eta prozedurarik ireki gabe gauzatu zuten etxegabetzea, eta halaxe egiaztatu ahal izan du gaur ere AZETek. Goizeko 09:30etarako deitua zuten kontzentrazio zaratatsua, eta hainbat lagun bildu dira udalari kontuak eskatu eta etxegabetuari babesa adierazteko. Hain zuzen ere, etxetik bidali zuten kidea bulegoetara sartu da beste lagun birekin, etxebizitza alternatiba bat eskatzeko asmotan. Bada, bertako langileekin hitz egin ostean, kargu birekin egotea lortu dute azkenean. Gizarte Ekintza Sailean azaldu dietenez, bertan ez zeukaten etxegabetzearen berri, ezta poliziaren jarduketaren berri ere. Hori ikusita, epaitegietan atestatua eskatu du AZETek, baina han ere ez zeukaten halakorik jasota.
Azkenik, bilerak amaitutzat emanda, momentuz ez dute lortu udalak etxegabetuarentzako alternatibarik eskaintzea. Horrenbestez, "udala interpelatzen" jarraituko duela dio sindikatuak.