Vietato Pensare

prestaldizkaria 2012ko mar. 5a, 17:35

Aldarrikapenez beterik dator Vietato Pensare punk-rock taldearen lehenengo lana. Maketa argitaratu berri dute, Interneten zein formatu fisikoan, eta kanta berriak prestatzen ari dira kontzertuak emateko asmoarekin.

Jim Morrisonek esan zuen bezala “Debekatzea debekatuta dago. Askatasuna debeku batekin hasten da”. Era berean, Vietato Pensareren maketan askatasunaren aldarria debeku batekin hasten da, pentsatzearen debekuarekin alegia. Gorliz eta Bilbo artean sortutako punk-rock talde hau bost lagunek osatzen dute: Irantzu (ahotsa eta koroak) eta Gaizka (gitarra) gazte deustuarrak, Josu (ahotsa), Javi (bateria) eta Unai (baxua). Vietato Pensare taldearen historia duela zazpi urte hasi zen, Gorlizeko jaietan. Unaik aurreztutako ez zeukan argi aurreztutako diru batekin zer egin eta Gaizkak baxu bat erostea proposatu zion.

Musikaren munduan hasiberriak izan arren punk-rockari gogotsu ekin zion Gorlizeko koadrilak. Abeslariaren tokia Josuk hartu zuen eta hurrengo erronka bateria jolea bilatzea izan zen. “Bateria bat lortzea izan da gure traba nagusia” dio Gaizka Loroñok. Gaur eguneko bateria, Javi, orain dela bi urte hasi zen Vietato Pensaren eta orduz geroztik ahots berri bat fitxatu egin dute, Irantzu Karral deustuarra hain zuzen ere. Gaizkak aspaldidanik nahi zuen Irantzu taldean parte hartzea baina kanpoan ikasten zebilen. Emakumezko ahotsa Vietato Pensareren lehenengo maketan sartzea posible bihurtu zen joan den urtean Irantzuren itzulerarekin eta hemendik aurrera Josu eta Irantzuren ahotsak tartekatzea da taldearen asmoa.

Vietato Pensareko taldekideek denetarik entzuten dute, hala nola, punk, ska, heavy, rock... Gustu musikal ezberdinak izan arren ondo moldatzen dira eta taldearen estiloa ondo definituta dute: punk-rock soila. Taldearen erreferente musikalen artean Gaizkak klasiko bi azpimarratzen ditu: Reincidentes eta La Polla Records. Musika talde berriagoak ere gustuko ditu Gaizkak (Ze Esatek? eta Hesian, esaterako).

Grabazioa euskal musikan ibilbide oparoa duen Kike Moraren (Kepa Junkera, Korrontzi) eskutik egin da eta fisikoki bost eurotan erosi daiteke edo Internetetik dohainik deskargatu bertsio digitalean. Modu batean edo bestean eskuratuta, bost abestiz osatuta dago eta Laugarren Kukutza da maketa zabaltzen duen lehena. Gaizkak Errekaldeko gaztetxearen desalojoa eta eraispena gertatu zen aste berean kanta idatzi zuen eta, hurrengo asterako, guztiz amaitzea lortu zuten. Korrika batean egin behar izan zuten, maketa grabatzeko prest baitzegoen. Kanta honekin estreinatu da Irantzu Karral ahotsetan eta jendearen harrera oso ona izan da: Youtubera igo eta aparra bezala igo ziren bisitak, denbora gutxitan mila baino gehiago izan zituen Laugarren Kukutzak.

Formatu fisikoari begirada bat botata, Guillermo Urkijo argazkilariak egindako diseinua eta argazkiak azpimarratu daitezke. Gainera, Urkijok lan handia egin du Vietato Pensareren promozioan, taldearen webgunea diseinatuz eta gizarte sareeak kudeatuz.

Kontzertuak eta kanta berriak

Irantzuren sarrerak erregistroarekin jokatzeko aukera eman die Vietato Pensareko lagunei. Gaizkak argi dauka, kanta berriak prestatu nahi dituzte, ordubete inguruko materiala lortzearren eta kontzertuak ematen hasteko. Zuzenekoetan aritzeko irrikan daude, sinesgaitza dirudien arren, zazpi urtetan kontzertu bakarra eman baitute. Kontzertuen lehortea ez du aukera faltak eragin, zailtasun pertsonalek baizik. Udan zehar kontzertuak emateko asmoa dute eta, momentuz, Tas-Tas irratian akustiko txiki bat eskaintzeko aukera izan dute otsailaren amaieran egin dieten elkarrizketan.  http://www.vietatopensare.tk/

Testua: Jon Antolin / Argazkiak: Guillermo Urkijo