Jazz kontzertuak Mahatserriko udaltegietan

bertonaldizkaria 2012ko mar. 7a, 13:09

Bilbao Distrito Jazz ekimenak sei emanaldi jasoko ditu martxoko eta apirileko ostiraletan, horietako erdiak Mahatserrian. Begoñako eta Otxarkoagako udaltegietan eta Solokoetxeko institutuan, hain zuzen.  Sarrera librea da, leku guztiak bete arte.

Lehen emanaldia ostiral honetan, martxoaren 9an burutuko da, Otxarkoagako Udaltegian, Felix Rossy tronpeta jotzailearen boskotearekin. Freskotasuna, naturaltasuna, emozioa eta espontaneotasuna dira Jorge Rossy maisu handiaren semea den musikari hori definitzen duten ezaugarriak. 17 urte baino ez ditu, baina Europako eta Estatu Batuetako jaialdi eta klub garrantzitsuetan izan ditu emanaldiak, eta Lee Konitz, Brad Mehldau edo Mark Turner bezalako musikari handiekin jo izan du.

Oraingo honetan, Bilbon bere lehen diskoa aurkeztuko du, “Introducing”, New York-en grabatua, 16 urte baino ez zituela, mundu mailako hiru artista handiren babespean: Mike Kanan, Ben Street eta Jorge Rossy, eta horiekin batera, Peter Bernstein gitarra jotzailea, gonbidatu berezi gisa. Lan delikatu eta lentoetan lirismo izugarria erakusten du, eta baita swing dotorea ere, guztia ere klasizismoan oinarritutako sonoritatean eta tonuan, gaur egungo musikari gazteen artean oso ohikoa ez dena.

Martxoaren 16an, Sarrikon dagoen Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioak Scott Hamilton & Toni Sola Quintet taldearen emanaldia jasoko du. Tenoreen borroka mitikoak gogoratuz, Toni Solá saxofoi jotzaile katalanak Scott Hamilton maisu iparramerikarra gonbidatu zuen duela zenbait urte, eszenatokia eta grabazio estudioa konpartitzeko. Hamilton XXI. mendeko mainstream saxofoi jotzailearen arketipoa eta garai guztietako tenore handietakoa da. 40 disko baino gehiago ditu.

Toni Solári dagokionez, “Los Rebeldes” bezalako rock&roll taldeetan hasi zen, eta Espainiako tenorearen erreferentea da. Telebistan sarritan agertzen den musikaria, ohikoa izan da urte luzez Buenafuenteren saioan, besteak beste. Esperientzia handia du, 1.000 saio baino gehiagotan hartu baitu parte, eta zuzenean lagundu dituen musikarien artean Celia Cruz, Miguel Bosé, Miguel Ríos edo Paul Carrack daude, besteak beste. Jazzeko musikari handiekin jo izan du, Horacio Fumero, Peer Wyboris, Albert Bover,  Jeff Ballard, Dave Mitchell, Bobby Durham, Charmin Michell, Harry Allen, Grant Stewart edo Jesse Davis.

Hurrengo astean, martxoaren 23an, Errekaldeko Udaltegian, Clara Lunaren eta Xavi Mauretaren txanda izango da, “Coleing Porter!” lanarekin. Porterren lanetik eta Xavi Mauretaren eta Clara Lunaren proiektu pertsonaletik egin beharreko bidaia zirraragarria da, Porterren lanaren aukeraketa zorrotza, lan honetarako berariaz egokitua. Etengabe gorantz doan Clara Lunaren ahotsa eta ibilbide luzea duen Xavi Maureta bateria jotzaile eta konposatzailearen esperientzia zabala uztartzen dituen lana da. Xavi Mauretaren ibilbidea, musikari sakon eta anitz gisa duen ospea finkatzen duten sariz eta kritikaz beteta dago.

Bidebarrietako liburutegiak, Eri Yamamoto piano jotzaile japoniar gaztearen kontzertua jasoko du martxoko azken ostiralean (martxoaren 30ean). 1995ean Estatu Batuetara joan zenetik, Eri Yamamoto jazzeko piano jotzaile eta konposatzaile berezienetakoa eta interesgarrienetakoa da. Hirukote honek errepertorio eta soinu paregabeak garatu ditu, eta jarraitzaile asko eta asko lortu ditu Atlantikoaren bi aldeetan. Duela denbora gutxi bira bat egin du Estatu Batuetatik, Kanadatik, Europatik eta Japoniatik, eta jazz jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan hartu du parte. Yamamotok oso ahots pertsonala garatu du, baita ere, piano jotzaile bakarlari gisa, eta entzuleak hunkitu egin ditu, bere konposizio lanak interpretatzean eta inprobisaziorako gaitasuna erakustean.

Carl Winter Trio taldeak apirilaren 13an joko du Begoñako Udaltegian. Getxoko azken Jazzaldiaren barruan antolatutako taldeen lehiaketa irabazi duen hirukote hori musikari daniar batek eta bi suediarrek osatzen dute, eta adituen iritziz, iparraldeko herrialdeetako musikarien artean talentu gehien dutenetakoak dira. 2006an hasi ziren elkarrekin jotzen, eta berehala ikusi zuten zerbait berria eskaintzen ari zirela. Energia eta sormen handia duen taldea osatzen dute. 2009an lehen diskoa osatu zuten, “Contact”, Carl Wintherrek idatzitako lanez osatua.

25 urte baino ez dituen Carl Winther daniarra Eskandinaviako jazz eszenatik sortutako piano jotzaile bikainenetakoa da. Teknika handidun artista honek musika eremu zabala erakusten du bere konposizio lanetan. Wintherren hirukotea osatuz Joel Illerhag baxu jotzailea eta Johan Kolsut bateria daude.

Bilbao Distrito Jazz programaren hamahirugarren edizio honen amaiera, Carlos Velasco buru duen bertako bandaren esku egongo da, apirilaren 20an, Solokoetxeko Institutuan. Euskal jazzaren aitzindari den gitarra jotzaile bilbotarrak bere lehen diskoa “Muy Personal”, aurkeztuko du “Bilbao Distrito Jazzen”. Basauriko musikariak gitarra klasikoa ikasi zuen Bilboko Kontserbatorioan, eta, beste batzuen artean, Iñaki Salvador, Joe Pass edo Erik Lohrer maisuekin ikasi zuen. 80ko hamarkadan hainbat jazz talderekin hartu zuen parte jazz jaialdietan eta erakustaldietan, eta zenbait sari irabazi zituen. Sari horien artean dago 1985ean Donostiako Jazzaldiko Bakarlari hoberenari emandako saria.

EGUTEGIA

Martxoak 9: Felix Rossy Quintet (Otxarkoagako Udaltegia, 20:00ean)

Martxoak 16: Scott Hamilton & Toni Sola Quintet (Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioa, 20:00ean)

Martxoak 23: Clara Luna & Xavi Maureta (Errekaldeko Udaltegia, 20:00ean).

Martxoak 30: Eri Yamamoto Trío. (Bidebarrietako liburutegia, 20:00ean)  

Apirilak 13: Carl Winter Trio (Begoñako Udaltegia, 20:00ean)

Apirilak 20: Carlos Velasco Trío (Solokoetxeko Institutua, 20:00ean)