Abusu Ikastolan abangoardiako eraikin berria

bertonaldizkaria 2013ko eka. 6a, 17:54

Ikastola txiki geratu zaiela eta, eraikin historikoaren ondoan kristalezko fatxada duen bigarren eraikina altxatu dute Abusun. Ekainaren 8an ospatuko dute inaugurazioa, urtero egiten duten Ikastolako jaiarekin batera.

Beste behin ere txiki geratu zaie eraikina eta honela sortu dute bigarren eraikina. Eraikin historiko horren ondoan kristalezko fatxada duen bigarren eraikina altxatu dute, menditik bertatik irteten den efektua sortzen duena eta zaharrarekin erabat errespetuzkoa dena. Zentzu honetan, Bizkaiko Ondare Historikoarekin elkarlana azpimarratu nahiko dute ikastolako kideek. Obra berria egiterakoan baldintza garrantzitsua izan baita arkitektonikoki eraikin historikoa errespetatzea; altueran ez gaindituz eta distantzia mantenduz eta estetikoki bateragarria izanez.

Bigarren eraikin baten beharra zegoela erabaki ostean, proposamen lehiaketa bat jarri zuten martxan arkitektoen artean. Mendiari zati bat kendu behar zitzaionez, zailtasuna aurkezten zuen obra izan baita. Gehien gustatu zitzaien proposamena aukeratu eta lanean hasi ziren. Emaitza, lau solairudun abangoardiazko eraikina. Lehendabizikoan, lurraren pare, jolastoki itxi bat antolatu dute eta, beste hiruetan, HHko gelak eta instalazioak ezarri dira. Fatxada erabat kristalezkoa bada ere, beste guztiak harri itxura dauka. Menditik atera den haitza dela irudikatu nahi izan da.

Eraikin berrian espazio antolaketa

Barrukoari dagokionez, espazioen banaketak garrantzia handia duen etapa da 0-6koa. 0 eta 1 urteko gelak hesi baten bidez bereziko dira eta guraso eta haurrentzako harrera gune bat izango dute, sarrera eta irteerak malguagoak izan daitezen. Gurasoentzako txokoak, fardelak aldatzeko lekuak, bularra ematekoak ere aurreikusi dira. Gainera, esperimentazio gelek, tailerrak egiteko guneak edota psikomotrizitate gelek ere toki garrantzitsua dute eraikin honetan. Guraso, irakasle eta hainbat adituk, tartean EHUko irakaslea eta psikologian doktorea den Elena Herran andereak jarraipen zuzena egin diote obrari eta moldaketa ezberdinak planteatzeko aukera etengabe izan dute.

Gure metodologia ere eraikinaren diseinatze horretan egokitzen joan da azken urteetan. Honela, haurrari protagonismo berezia eman diote. Bere ikaste prozesuaren protagonista nagusia bilakatu dute, beti ere irakasleen gainbegiratzen eta laguntzarekin batera. Moldaketa hauetan, Elena Herranek berak bideratu ditu. Eraikinaren espazio banaketa zainduaz gain, aurrezte energetikoari begira ere aparteko sentsibilizazioa izan dute. Honela, argitasun naturalari eman zaion garrantzia erabatekoa da. Ez hori bakarrik, kalefakzio eta klimatizazio sistemak (lur azpiko kalefakzioa, aireztatze sistema berezia…), eraikinaren hotz beroa haurren beharrizanetara egokitzen lagunduko ditu, beti ere ingurumena errespetatuz eta aurrezte energetikoa bultzatuz.

Azken urteetan izan duten eskaintza handitu ahal izango dute. Hau da, orain, zituzten matrikulazio eskaerei errazago egin ahal izango diete aurre. Haurrak ia Bilbo osotik doazkie, baina batez ere Alde Zaharretik, Miribillatik eta Errekaldetik. Basauritik ere autobusa iristen da eta nola ez auzotik joaten zaien ume kopurua handia da.

Abusu, azken hamarkadetan ikaragarri aldatzen ari den auzoa da. Auzo-berroneratzearen bidean, auzora lotzen zituzten zubia ere eraberritu du udalak. Abusu Ikastolako Eskolako Agenda 21en lanetik tiraka, udalari eskaera egin zioten espaloia zabaldu eta estali zezan eta horrela egin berri du.

Ikastolara heltzeko beste bidea “Kaños pasealekua” da, Alde Zaharretik datorrena. Horretan ere obretan dabiltza bidea egokitze nahian eta datozen asteetan bukatuta egongo da. Honela, Abusu Ikastolak auzorako zein alde zaharrerako loturak sendotu ditu.

Eta hau guztia gutxi balitz, orain arteko eraikinean Haur Hezkuntzak utziko duen tokia Lehen Hezkuntza eta DBHra egokitzeko obrak burutuko dira uda osoan zehar. Obra hauek, eraikin barruan zein kanpoan egingo dira eta hortaz, gela berriak sortzean gain, jolas gune berriak eraikiko dituzte.

Ikastolaren inaugurazioa ikastolako jaiaren egun berean

Ekainaren 8an ospatuko dute inaugurazioa, urtero egiten duten Ikastolako jaiarekin batera. Goizean eraikin berriak bere lehen urratsak emango ditu. Gatibu musika taldeko abeslaria den Alex Sarduik aurkeztuko duen ekitaldian, agintari ezberdinei eta ikastolarekin harremana izan duten pertsonaia esanguratsuei harrera egingo zaie. Irakasleek “agintariarena” dantzatuko diote eraikin berriari eta ekitaldiaren amaieran beren beregi ikasleek prestatutako flash-move batekin. Ondoren hasiko den bisita gidatuan, ikasgela bakoitzean HHn lantzen ditugun hamaika ezaugarri ikusteko aukera izango da. Gero, ikasturtean zehar eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartutako haurrek ikustaldi ezberdinak eskainiko dute. Ondoren, bitsaren jaiarekin primeran pasatuko dute bertaratzen direnek eta arratsaldea indartsu hasteko guraso, ikasle eta irakasleentzako bazkaria egongo da. Izan ere, bazkalostean herri-kirolak, play-backa, erromeria eta suzko zezena izango baitira.

INFO + ABUSUKO IKASTOLA