Totum konpainiak emango dio hasiera "Bilboko zirkuitoa"-ren XIII. edizioari

bertonaldizkaria 2014ko ots. 10a, 10:51

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako "Bilboko zirkuitoa"-ren XIII. edizioa eguazten honetan, otsailaren 12an, hasiko da, Totum konpainiak, arratsaldeko 19:30etan, Begoñako Udaltegian eszenaratuko duen “De vuelta” antzezlanarekin. Guztira, aurten, Bilboko hamaika antzerki eta dantza konpainia amateurrek edo erdi-profesionalek hartuko dute parte.

"Bilboko zirkuitoa" aukera bikaina da Hiriko sortzaile berriek eta antzerki eta dantza konpainiek euren lanak eszenaratu eta jendearen aurrean aurkeztu ditzaten. Barruti bakoitzean, hirian sortutako proposamen freskoenak eta egungoak jarraitzeko aukera paregabea izango da. Horrez gain, programak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa, publizitatea eta konpentsazio ekonomikoa emango die konpainiei.

Horrela, 13 emanaldi aurreikusi dira otsailaren 12tik apirilaren 10era, proposamen berritzaileenak aurkezteko Begoñako, Errekaldeko, Otxarkoagako, Basurtuko, Altamirako, San Frantziskoko eta Barrainkuako udaltegietan eta Solokoetxe institutuan.

Aurten, aurretik ere "Bilboko zirkuitoa"n egon diren zenbait konpainia egongo dira eszenatoki gainean, Atakados, Luna llena edo Totum, besteak beste, “Satisfaktion” lana aurkeztuko duen Khea Ziaterrekin batera (lan hori BAD - Bilboko Antzerki eta Dantza azken Jaialdian estreinatu zen eta euskaraz eta gaztelaniaz ikusi ahal izango da). Bertan, María Urzelai antzezleak, eszenatokietara itzultzen den artista bati ematen dio bizia. Horrez gain, Atakados, La Ortiga, Hermanos Bolinga, Ganso & Cía, La Trascienda eta Sinreverse Teatroaei taldeek euren azken lanak aurkeztuko dituzte, aukera honetaz baliatuz.

Konpainia berriak

Duela hamar urte baino gehiago hasi zenetik, programa zabalduz joan da, emanaldi eta eszenatoki kopurua handituz. Horrela, denborarekin, Hiriko ia barruti guztietara heldu da. Barruti horietako gehienetan, urtean zehar areto barruan eskaintzen den arte eszeniko eskaintza bakarra izaten da. Beste alde batetik, ekimenean parte hartu izan duten konpainietako batzuk profesional bilakatu dira, Gaitzerdi Teatro, FTI (Fábrica de Teatro Imaginario) edo Itziar Lazkano, besteak beste.

Gaur egun, "Bilboko zirkuitoa" ekimen aitzindaria eta bakarra da bere generoan Euskal Herri osoan. Bertako taldeei euren antzerki eta dantza lanak aurkezteko aukera eskaintzeaz gain, programak Hiriaren kultur eskaintza deszentralizatzen ere laguntzen du.  XIII. edizio honetan, duela denbora gutxi sortutako bi konpainiaren partaidetza azpimarratu behar da:

Sinreverse Teatroaei (Bilbo, 2010) “ASALTO... de mata” lanarekin helduko da BILBOKO ZIRKUITUra, epaile zorrotzak zaintzen dituen bi antzezleren arteko bat-batekotasun norgehiagoka. Ikus-entzuleak epaile eta epaimahai bilakatzen dira; konpainiaren helburua ikus-entzuleak harritzea, dibertitzea eta eurekin elkarrekintzan aritzea da. Apirilaren 8an izango da, Barrainkuako Udaltegian.

La Trascienda, (Bilbo, 2011) San Frantziskoko Udaltegiko eszenatokira igoko da apirilaren 3an, “Boxes” lana antzezteko. Pertsonen mugei buruzko antzezlana da, krisialdi ekonomiko eta gizarte alorreko murrizketen testuinguruan sortua. Taldea 2011n eratu zen, BilbaoEszenak, Baliabide eszenikoen udal zentroak, urtero eskaintzen duen ikastaro bat amaitu ondoren.

Egitarauko gainerako lanak umorezko proposamenak eta genero gaiak dira; gehienak, emakumeek sortutako eta eszenaratutako estreinaldiak. Emanaldi guztiak doakoak izango dira (leku guztiak bete arte) eta arratsaldeko 19:30etan hasiko dira.

Egitaraua

  • Otsailak 12: “De vuelta” Totum. Begoñako Udaltegia
  • Otsailak 13: “Satisfaktion” Khea Ziater. Errekaldeko Udaltegia
  • Otsailak 20: “A trompicones” Luna llena. Otxarkoagako Udaltegia
  • Otsailak 27: “¿Qué te pasa Amy” Oh My Good. Basurtuko Udaltegia
  • Martxoak 5: “La mujer sola” Bego Guerrero. Solokoetxe Institutua
  • Martxoak 12: “Satisfaktion” Khea Ziater. Begoñako Udaltegia
  • Martxoak 13: “Ratas” Atakados. Errekaldeko Udaltegia
  • Martxoak 20: “(aPnea) La belleza del fracaso” La Ortiga. Otxarkoagako Udaltegia
  • Martxoak 26: “Puestos en libertad” Hermanos Bolinga. Altamirako Udaltegia
  • Apirilak 2: “Ratas” Atakados. Begoñako Udaltegia
  • Apirilak 3: “Boxes” La Trascienda. San Frantziskoko Udaltegia
  • Apirilak 8: “Asalto de Mata” Sinreverse Teatroaei. Barrainkuako Udaltegia
  • Apirilak 10: “90 semanas y media” Ganso & Cía. Otxarkoagako Udaltegia