Baina, zer da Global Forum Spain delakoa?

uriola.eus 2014ko mar. 3a, 16:50

Global Forum Spain delakoa BIlbon egiteak protesta handiak eragin ditu, eta asko dira topaketaren aurka kokatu diren eragile sozial eta politikoak. Baina zer da Bilbon egiten ari diren topaketa hori?

Global Forum Spain delakoa ICEX España Exportación e Inversiones eta Club de Exportadores e Inversores Españoleselkarteak antolatu dute. Lehenengoa Espainiako Gobernuaren erakunde publiko bat da, Espainiako enpresen nazioartekotzea bilatzen duena, eta nazioarteko enpresek Espainian inbertitzea. Bigarrena berriz, hainbat sekoretako enpresen elkartea da, eta enpresa horiei nazioarteko merkatuetan dituzten erronkei erantzuten laguntzea da bere helburu nagusia.

Foroari dagokionez, politika, enpresa eta erakunde publikoetako goi karguen arteko topalekua izateko antolatu dute sustatzaileek. Bilbokoa lehenengo edizioa da, eta anolatzaileen asmoa da urtero-urtero errepikatzea, hiria urtetik urtera txandakatuz.

Foroaren lehenengo edizioaren leloa "From Stability to Growth" (egonkortasunetik hazkundera). Parte hartzaileen artean, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria, Christine Lagarde; OCDEren idazkari nagusia, Angel Gurria; Eurotaldearen presidentea, Jeroen Dijsselbloem; Europako Leihakortasun, Barne Merkatu eta Merkataritza komisarioak, Joaquín Almunia, Michel Barnier eta Karel de Gucht; eta Europako Inbertsio Bankuaren presidentea, Werner Hoyer.

Enpresarien ordezkaritza berriz, Telefonicako presidenteak, César Aliertak; BBVAkoak, Francisco Gonzalezek; Inditex-ekoak, Pablo Islak; Tecnicas Reunidas-ekoak, Jose Lladok; Talgo-koak, Carlos Palaciok; Gestamp-ekoak, Francisco Jose Riberasek; Iberdrolakoak, Ignacio Sanchez Galanek;  SENERekoak, Jorge Sendagortak osatzen dute, besteak beste.

Alde instituzionala Espainiako Gobernuko hainbat goi-karguk osatzen dute: Luis de Guindos Ekonomia ministroak, Industria, Energia eta turismo alorrekoak, Jose Manuel Soriak, eta presidenteak berak, Mariano Rajoyk, itxierako hitzaldia emango duenak. Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu izan du jardunaldien irekieran, Espainiako Erregearekin batera.

Foroaren helburua eta eztabaidagaiak

Foroaren helburu nagusia Europak hazkunde bideari ekiteko behar duen politika ekonomikoaz eztabaidatzea da. Zehazki, honako gai hauen inguruko mahaiak planteatu dituzte antolatzaileek:

  • Ba ote dago Europa hazunde ekonomiko iraunkorraren bidean?
  • Egonkortasuna eta hazkundea euroguneko ekonomian
  • Enpresa txiki eta ertainen finantzazioa.
  • Europako ekonomiaren lehiakortasuna mundu globalean
  • Europako erreformak: aurrerapausuak eta erronkak
  • Nazioartekotzeko aukerak Europako enpresentzat
  • Produktibitatea, berrikuntza eta lehia, lehiakortasunerako gakoak

Eragile sozial eta politikoek salatu dutenez, foroaren benetako helburua Europan azken urteotan garatu diren politika neoliberal oldarkorrak berretsi eta haiek are gehiago garatzeko oinarriak sendotzea da, politika eta inbertsio sozialetan murriztuz langabezia eta txirotze tasak areagotuz, kapital handien mesedetan. Horren adibide argia dira Christina Legardek berak egindako adierazpenak, defizita jaisteko modua lan erreformak sakontzea eta zeharkako zergak areagotzea dela azalduz. Horrelako adierazpenek, eta orain arteko murrizketa-politikekin aurrera jarraitzeko apustuak protesta biziak eragin dituzte Bilbo osoan.