Nazioarteko finantza erakunde nagusietako eta enpresa transnazional garrantzitsuenetako ordezkariak bilduko dira Bilbon Global Forum Spain 2014ko Goi Bilera ekonomikoan. Bertan izango dira Christian Legarde, Karel De Gucht, Joaquin Almunia, Francisco Gonzalez, Jose I. Sanchez Galan, Espainiako erregea mila poliziek ondo babestuta eta herri erakundeen eskariei entzungor.
Guggemheim museoak Instituto de comercio ICEXek antolatutako foroa hartuko du. Zazpi mahai borobileko jardunaldietan komisario europarrak, estatuko enpresa garrantzitsuenetako presidenteak eta Espainiako gobernuko presidente Mariano Rajoy eta ekonomia ministro Luis de Guindosek hartuko dute parte Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatearekin, azken honi osasunak uzten badio.
Igandean Goi bilera honen aurkako lehenengo ekimenak burutu ziren. Goizean CCOO, UGT eta USO sindikatuak kalera atera ziren, arratsaldean EHbilduk nazioarteko ezkerreko alderdietako politikariak bildu zituen "Troikaren aurrean, gure bidea:eraldaketa soziala eta burujabetza" lemapeko jardunaldi interesgarrietan. Bertan Errikos Finalis Greziako Syriza alderdikoa, Trevor ó Clochartaigh Sinn Féingo senataria, Jorge Costa Portugalgo Bloco de Esquerdakoa, Herri Gourmelan Bretainiako UDBkoa, Sandra Muzzi Italiako SELekoa, Florian Wilde Alemaniako Die Linkekoa Eta Josu Juaristi EHbilduko Europako hauteskundeetarako hautagaia izan ziren beste batzuen artean.
Gune plataformak, berriz, "troika eta bere konplizeentzat Go Home pobreziaren errudunak" lemapean kaleak hartuko ditu astelehen honetan. 10:00etan bi zutabe, lehenengo Arriagatik eta bigarrena Jesusen bihotzetik Euskaldunara hurbiltzen ahaleginduko dira. 16:00etan, berriz, hitzaldiak izango dira EHUko paraninfoan eta arratsaldeko 19:00etan beste manifestazio bat aterako da Euskadi plazatik.
ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk, Hiruk, CNTk, CGTk eta dozenaka eragile sozialek osatzen dute Gune plataforma. Martxoaren 3ko manifestazioaz gain, martxoaren 10etik 14ra eskualde mailako protestak izango dira, eta 22an Madrilen egingo den manifestazio batean parte hartuko dute. Kanpaina horren helburua da prekarietatea eta pobrezia salatzea.