Otsailaren 3an, Gune Plataformak pobreziaren kontrako mobilizazio kanpaina abiatuko zuela iragarri zuen. Martxoaren 3an "Troika eta bere konplizeen bisita" salatzeko Bilbon egindako protestez gain, martxoaren 11tik 22ra, Euskal Herriko hiri eta herri ezberdinetatik pobrezia eta prekarietatearekin amaitzeko martxa bat egingo zutela jakinarazi zuten.
Martxa Ermuan hasiko da eta Iruñean hilaren 20an burutuko den manifestazio eta ekitaldiarekin emango zaio amaiera. Martxoaren 14an, Santurtzi eta Sestaon egon eta gero, martxa Bilbora helduko da.
Ekimen honen bidez, "pobrezia Euskal Herrian ez existitzeko konpromiso argia" har dadila eskatuko dute eta hainbat neurri exigitu dituzte prekarietatera bultzatu eta baztertuta geratzen direnei duintasuna bermatzeko. Besteak beste, Lanbidearen Gutxieneko Soldataren (LAGS) igoera handia; langabezia prestazio duina; diru-sarrerak bermatzeko Errenta eta Gizarteratzeko Errenta (oinarrizko errenta) egungo LAGS gainetik kokatzea; diru-sarrerak bermatzeko sistema berri bat; diru-sarrerak bermatzeko Errenta eta Gizarteratzeko Errenta mantenduko direla ziurtatzea; gizarte larrialdietarako laguntzak jasotzeko eskubide subjektiboa ezartzea; murrizte politikaren ondorioz prestazio sozialik gabe utzi dituzten kolektibo guztiei prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzea; prestazio sozialak kudeatzerakoan aplikatzen ari diren irizpide murriztaileak ezabatzea; aurrekontua gehitzea, hartara zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak izateko bitartekoak eskura egon daitezen; pertsona orori bermatzea osasun eta osasun-arreta izateko eskubidea, baita etxebizitza duina eta egokia ere; adierazpen askatasuna eta ekintza politiko, sozial eta sindikalerako eskubidea; eta Euskal Herrian pertsona guztiek bitarteko eta baliabide nahikoa izatea bizitza duin, autonomo eta kalitatekoa izateko.
Deialdi honetaz gain, deitzaileek gogorarazi dute martxoaren 22an, Gune Plataforma Madrilen izango dela Duintasunaren alde egingo den manifestazioan.