“Emakume helduak borrokaren lehen lerroan egongo gara”

Pentsionistak Martxan Plataformako emakumeak 2014ko mar. 7a, 07:35

Martxoaren 8aren atarian, emakumeontzat oso ondorio latzak dituzten eta izango dituzten bi egoera salatu nahi ditugu.

Alde batetik, Gizarte Segurantzank zatikako kontratoak izan ditugun emakume pentsiodunoi  ezartzen digun bazterkeria aplikatzen digun formulak ez du onartzen lan egindako eguna kotizatutako egun bezala.

Europako epaitegiaren arabera, Espainiako Estatuak darabilen pentsioen kalkulurako sistema emakumeen kaltetan bada ere, ez du oraindik zuzendu, eta horrela milaka emakume miseriazko pentsioarekin geratzen dira eta, are gehiago, asko dira bizitza osoan lan egin eta gero hura gabe geratzen direnak.

Bestetik abortuaren legearen aurreproiektua salatu nahi dugu. Neurri mingarria da emakumeontzat; borroka asko egin baitugu abortu libre eta doakoaren eskubidea lortzeko.  Oraindik ere eskubide hori gauzatu gabe dago; aitzitik, lortutako apurrak ere kentzen hasi dira.

Emakumeok geureak eta geureak bakarrik diren erabakien kontrola izan nahi duten neurri horiekin, eta halaber, ohizko familiaren eredua ezarri nahiaren aurrean: emakumeok etxeko neskame gisa eta eskubiderik gabe nahi gaituzte. Labur esateko, ez digute emakumeoi gure gorputzaren, gure sexuaren eta gure etorkizunaren jabe izaten utzi nahi.

Zoritxarrez, egoera hau ez da berria guretzat. Ondo dakigu zer den geure erabakiak hartu ezina; geure azalean ezagutu dugu. Horregatik, ez dugu utziko gure alabek, bilobek edo inongo emakumeek berriro jasan dezaten.

Guzti honengatik, etengabeko murrizketen aurrean, lortutako eskubideak defendatzeko, sekula baino premiazkoagoa da emakume heldu eta pentsiodunak antolatuta egotea; irabazitako eskubideen defentsan eta lortu gabe dauden beste askoren bidean.

Emakume heldu eta pentsiodunak borrokaren lehen lerroan egongo garela, eta emakumearen eskubideak defendatzen jarraituko dugula hitz ematen dugu.

Dei bat eginez amaitu nahi dugu: partehar dezagun denok Martxoaren 8an Euskal Herriko hiri eta herrietan mugimendu feministak deituko dituen mobilizapenetan